Albistea entzun

Senegal

Luzaroan esperotako garaipena

Senegalek lehendabiziko aldiz irabazi du Afrika Kopa, Egipto mendean hartuta. Filippo Ricci kazetariaren ustez, garaipena «defentsan» oinarritu da. Entrenatzailerik, jokalaririk eta atezainik onenaren sariak jaso dituzte.
<b>Senegalgo jokalariak, igandean irabazitako Afriako Kopa jasotzen.</b>
Senegalgo jokalariak, igandean irabazitako Afriako Kopa jasotzen. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2022ko otsailak 8

Senegalen gisako herrialde eta futbol selekzio indartsu batek ezin zezakeen Afrika Kopa irabazi gabe jarraitu. Igandera arte, bi final galduak zituen: 2002an Kamerunek menderatu zuen penaltietan, eta duela hiru urte Aljeriaren aurka galdu zuten Terangako lehoiek. Hirugarrenean ezin zuten kale egin. Luzaroan esperotako garaipena izan da, 1992ko aldia herrialdean antolatu zutenetik tematuta baitzeuden kopa irabazi behar zutela. Amaitu da itxaronaldia. Aliou Cisseren taldeak penaltietan menderatu zuen Egipto herenegun, eta, bide batez, zirkulua itxi zuen, bera izan baitzen Kamerunen aurkako finalean penalti erabakigarria huts egin zuen jokalaria. Ez hori bakarrik, 2019an txapeldunorde izan zen selekzioa ere bere aginduetara zegoen. Gutxi jokatu du, Ginearen aurkako partida baino ez, baina Mamadou Loum Alaveseko erdilaria ere Afrikako txapeldun bihurtu da.

Afrika Kopa irabazteko hautagai nagusietako bat izan arren, eta B multzoko lider amaitu bazuen ere, ez zuten eroso hasi txapelketa. Izan ere, Zimbabweren aurka luzapenean sartutako gol bati esker irabazi zuten, eta Ginearen eta Malawiren aurkako neurketak hutsean amaitu ziren. «Gaizki hasi ziren, arazo handiak izan zituztelako: koronabirus agerraldi handi bat izan zuten txapelketa hasi bezperan, eta jokalari asko berandu eta ahulduta iritsi ziren», azaldu du Filippo Ricci (Erroma, 1967) Gazzetta dello Sport egunkariko kazetari eta Afrikako futbolean adituak. Europako hainbat hedabideetan Afrikako futbolari buruz idatzi zuen lehendabiziko kazetarietako bat da, 1993an hasi baitzen hango futbolaren jarraipena egiten.

«Senegalek sekulako taldea du. Deialdia aztertuz gero, Europako klub handietan asko jokatzen duten jokalari on asko dituzte. Beste selekzio batzuek talde indartsuetako jokalariak dituzte, baina gutxi jokatzen dutenak. Gainera, Edouard Mendy, Europako ligetako atezain onenetako bat, eurekin dute». Txapelketako atezainik onenaren saria jaso du Chelseakoak.

Ezbairik gabe, Sadio Mane Liverpooleko jokalaria da selekzioko izarra, eta berak irabazi du txapelketako jokalaririk onenaren saria. «Oso txapelketa ona jokatu du, eta merezi du saria. Dena den, nik Vincent Aboubakar Kamerungo aurrelariari emango niokeen, zortzi gol sartzea ez baita erraza. Mohamed Salah [Egipto] eta Kalidou Koulibaly (Senegal) ere ez nituzke ahaztu nahiko». Hiru gol sartu, eta goleko bi pase eman ditu Manek, zeinak finalaren hasieran penalti bat huts egin baitzuen. Ez du Liverpoolen bezain besteko distirarik egin, baina erabakigarria izan da. «Europako ligekin alderatuta, beste presio eta giro bat dago Afrikan. Ziur naiz Maneri gehiago kostatzen zaiola Senegalen ardura hartzea, Liverpoolen baino. Sentimendu aldetik, final hau Txapeldunen Ligako finala baino garrantzitsuagoa da harentzat. Hori kudeatzea ez da erraza. Horrez gain, txapelketa oso ezberdina da: eguraldia, zelaiak, giroa...».

Bizkarrezur sendoa

Mane da izarra, baina beste hainbat jokalari onek osatzen dute Cisseren selekzioaren bizkarrezurra. Esaterako, aipatutako Mendy atzelariak eta Koulibaly kapitainak. Hain justu, azken bi horiek ez zuten jokatu 2019ko finala. «Defentsan oinarritutako garaipena da Senegalena, eta bi jokalari horiek giltzarri izan dira lan horretan. 2019an, Koulibaly finalerako zigortuta zegoen, eta Alfred Gomis zen orduan Terangako lehoien atezain titularra. Afrikan oso garrantzitsua da defentsa. Pentsa, Egipto lau gol bakarrik sartuta heldu da finaleraino».

Afrikako beste futbol potentzia handiekin alderatuta, asko kostatu zaio Senegali Afrika Kopa lehen aldiz irabaztea. «Afrikak zor zion garaipen hau. Kirol arloan oinarri sendoak izan ez dituen erraldoi bat da. Irabazle sena falta izan zaio. Herrialdearentzat ere ikaragarria izan da», hausnartu du Riccik. Cisse ere aipatu du, hautatzailerik onena izendatu dutena: «Zorionez, orain, selekzio afrikarretan badaude hautatzaile afrikarrak. Hor daude Cisse eta Aljeriako Djamel Belmadiren kasu arrakastatsuak. Ez hori bakarrik: parte hartu duten jokalarien %30 Europan jaiotakoak dira. Europak, azkenean, zerbait bueltatu dio Afrikari».

Boli Kostan jokatuko da hurrengo Afrika Kopa. 2023ko udan izango da, hain zuzen ere. Aurrez, ordea, 2022ko Munduko Txapelketarako azken bost kanporaketak jokatuko dira Afrikan, martxoan. Horietako bat, hain justu, Egiptok eta Senegalek elkarren artean jokatuko dutena izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ondarroako arraunlariak arraunak gora, eta Iñigo Larrinaga patroia banderarekin, atzo, herrian, garaipena zaleekin ospatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ametsa baino hobea

Aitor Manterola Garate

Ondarroak etxean irabazi du Eusko Label ligako estropada, lehen txandatik. Marea eta haize aldaketa, eta itsaslaster handiak erabakigarriak izan dira
Orioko eskifaia poz betean atzo, Ondarroako estropada irabazi berritan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Oriok gaur bertan irabaz dezake Euskotren liga

A. Manterola Garate

Nahikoa izango du Arraun Lagunaken aurretik sailkatzea Castro Urdialesen, atzo Ondarroan bederatzigarren estropada irabazi eta gero
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Pettan Uralde

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.
<b>Mikel Larrañaga, iaz, Urrezko Kopa irabazi berritan.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sei aizkolari ariko dira bihar Donostian, Urrezko Kopa xede

Berria

Aurrez kanporaketa gainditutako kirolariek udako garaikur nagusia izango dute jokoan, 19:30ean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...