Ruben Ruzafa

Aldapaz aldapa, gailurrera

Zazpi aldiz izan da munduko txapeldun kros triatloian eta Xterran: igeriketa, mendi bizikleta eta saltaka. Hainbat oztopo gaindituta lortu du loria. Aizarnazabalen bizi da, eta kirola du ogibide.

JESSE JAMES.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Mendian barrena korrika aske bizi diren untxiek Andaluzian ezagutu zuten. Baita Aizarnazabal (Gipuzkoa) inguruan zeruan zehar hegan ikusmiran ibiltzen diren arranoek eta saiek ere. Animaliek ez dakite, ordea, zein den: Ruben Ruzafa ditu izen eta abizen, eta mendiko triatloian zazpi bider izan da munduko onena, kros triatloian eta Xterra modalitatean —igeriketan, 1,5 km; mendi bizikletan, 30 km, eta mendian saltaka 11 km—. Lehenago, mendi bizikletan lortu zuen loria bera, erreleboka.

Valentzian jaio bazen ere, gurasoak medikuak izanda —aita arabarra zuen—, batera eta bestera ibiltzen ziren lanean, eta Malagako Rincon de la Victoria herrian (Espainia) bizi izan zen ia jaio zenetik 2016ra arte. Orduan etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Aizarnazabal herri txikira, Naiara Telletxearekin eta Mairi haurrarekin —2012an auto batek harrapatuta hil zen Iñaki Lejarreta zenaren bikotekidea eta umea—.

Kirolaria jaio egiten ote den berezko ezaugarriekin edo gero moldatuz joaten ote den, galdera potoloa da. Ruzafari dagokionez, berezko ezer zekarren zantzurik behintzat ez zuen eman umetan: «Kirolik ia ez nuen egin 12 urte bete arte. Tenisean jokatu nuen, baina oso txarra nintzen. Pilota guztiak kanpora botatzen nituen», esan du. Orduan heldu zion bizikletari, aitaren osasun ahula zela medio: «Erretzaile petoa zen, eta bizikletan ibiltzeko aholkatu zioten. Asteburuetan harekin joaten hasi nintzen». Bizikletaz maitemintzen «lasterketa pirata» batean hasi zen: «Bosgarren egin nuen, eta hantxe gustatu zitzaidan bizikletan ibiltzea. Beste lasterketa batzuetara joateko gogoa piztu zidan, eta gero eta emaitza hobeak lortzen hasi nintzen».

Pixkanaka, mundu horretan gehiago barneratu zen Emilio Fernandez entrenatzailearekin bat egin zuenean. Mugarri izan zen Ruzafarentzat geroko ibilbidean: «Triatloiko prestatzailea zen, eta, ez zegoenez soilik mendi bizikletakorik, ba harengana jo nuen. Harekin hasi nintzen saltaka». 13 urte zeuzkan orduan, eta kontatu du burutik pasatu ere ez zitzaiola egiten heldu den lekuraino heltzea: «Hiruzpalau urte geroago jakin nuen bazirela munduko txapelketak, aldizkari espezializatuak irakurriz, eta orduan pentsatu nuen iritsi behar nuela horraino. Are gehiago, munduko txapeldun izan nahi nuen».

Burutazioa baino gehiago izan zen, baina baliabideak behar, eta eduki ez: «Espainiako txapelketetara joateko dirua etxekoek ematen zidaten. Gurasoak nituen babesleak». Mendiko bizikletan zebilen oraindik, eta gero eta maila hobean: «Juniorretan, lasterketa guztiak irabazi nituen, eta Europako eta munduko txapelketetara joaten hasi nintzen». Ez zen, ordea, abila: «Juniorretako bigarren urteko munduko txapelketan, katea atera zitzaidan hasi orduko, eta lurrera erori nintzen. Ez nengoen prest arlo fisikoan eta psikologikoan. Gaizki pasatu nuen, baina dena uztea ez zitzaidan burutik pasatu».

Igeriketari mende honen hasieran ekin zion, Rincon de la Victorian igerilekua egin zutela baliatuz —bere izenean pabiloia ere badauka han—. Mendiari eta bizikletari lotuta segitzen zuen, hala ere, eta zerbait handia lor zezakeen ustea 23 urtez azpikoen mailan ikusi zuen, hirugarren urtean: «Munduko txapelketan bosgarren izan nintzen, eta Espainiako txapeldun eliteen lasterketan».

Orbea taldera jauzi egin zuen segituan, eta talde handia zen: «Nazioartean lehiatzen zen, eta txirrindulari bikainak zeuden: Jean-Cristophe Peraud, Julien Absalon eta Iñaki Lejarreta, besteak beste. Munduko Kopako lasterketetara joaten hasi nintzen». Baina beste oztopo bat azaldu zitzaion gero: «2008an, lehen podiuma egin nuen Munduko Kopan, baina, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, ez nuen dominarik lortu, eta kolpea izan zen».

Elitera pasatu zen gero, eta Pekingo Olinpiar Jokoak zituen helburu, mendi bizikletan lehiatzeko: «Baina ez nintzen joan. Kirolaren alderdi iluna ezagutu nuen. Pekinerako taldean nengoen, baina Carlos Colomak presioa egin zuen sartzeko, eta kanpoan utzi ninduten, hura sartzeko».

Xterrako bi mugarriak

Triatloia udan egiten zuen, herriko taldean, eta, halako batean, 2008an, Espainiako txapeldun izan zen kros triatloian: «Eneko Llanosi irabazi nion, eta Ruben Bravo lagunak aipatu zidan bazela Hawaiin Xterrako munduko txapelketa. Kamisetak saldu genituen bidaia ordaintzeko, eta irabazi egin nuen, ezustean».

Berriz jarri zituen helburutzat Jokoak, 2012koak, baina ez zen joan: «Aita minbiziarekin hil zen, 2011n, eta pott egin nuen». 2013an, berriz ere babeslerik gabe, Xterrako munduko txapelketa irabazi zuen: «Mugarria izan zen,eta garai ilun batetik ateratzeko balio izan zidan. Babesleak ere etorri zitzaizkidan, eta jarraitu nuen lasterketak eta txapelketak irabaziz».

Gaur egun ere hor dabil, zaletasuna ogibide hartuta, baina uztea buruan dauka jadanik: «Pare bat urte barru lagatzeko asmoa daukat. Soin Hezkuntza ikasten ari naiz, eta hori amaitzean utziko dut. Bitartean, lehiakor izan nahi dut, eta aurkariek irabazten dutenean gozatu, haiek laguntzat hartuta».

Badu beste erronka bat ere: «Euskaraz ikasten segitu nahi dut, garbi daukat hori. Orain utzita daukat, baina okindegian, adibidez, euskaraz aritzen naiz. Ulertzen dut beste batzuen arteko solasaldia, betiere mantso aritzen badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.