EKOGRAFIAK

Hiztun berriak

Miren Manias -

2018ko azaroak 7
Eskoziako gaelikoari lotutako kultura espazioa sortu nahi dute Edinburgon. Herenegun izan nintzen eztabaida bileran. New Speakers hiztun berriak aztertzen dituen ikertaldearen arabera, hiriburuan aukera gutxi daude hizkuntza erabiltzeko. Testuinguru horretan, Eskoziako gaelikoa eskola irakasgai soil bat izatera murrizten da. Alegia, euskaldunontzat atzerriko hizkuntzak ikastea izan zen bezalaxe. Edinburgoko haur gehienek ez dute gurasoekin hizkuntza horretan hitz egiten etxean —askok bidaltzen dituzte euren haurrak gaelikozko ikastetxeetara, soilik irakaskuntza maila ona dutelako—; eskolatik kanpo ingelesa da nagusi. Hiztun berri gazteekin eta nagusiekin antzeko fenomenoa gertatzen da. Horregatik, hiriko 3.000 hiztun inguruko komunitateak kultura gunea sortu nahi du.

Lehen saiakera 1990eko hamarkadan egin zuten, Chambers kaleko eraikin batean. Ez zuten proiektu zehatzik diseinatu, ezta bideragarritasun planik ere. Baina bai eskatu zioten diru laguntza bat Big Lottery Fund erakunde publikoari; horrek «asmo oneko ekintzak» finantzatzeko poltsa du. Eskoziako sorkuntza artistikoak sustatzeko erakundeak ez zuen eskaera babestu, hizkuntza plana eta artearen gaineko estrategia indarrean egon arren.

Glasgown, aldiz, Partick auzoan dago Eskoziako gaelikoari lotutako espazioa: An Leanag Bookshop. Berez, hizkuntzaren eta kulturaren gaineko liburu denda da, baina argitalpen zerbitzua eta hiztun komunitatearentzako bulegoa ere badituzte bertan. Aurten, gainera, Glasgowko Arte Eskolako Raheela Khan-Fitzgerald ikasleak The Triquetra Seòmar izeneko proiektua aurkeztu du, gaelikoa kultura garaikidean txertatzeko eraikin berria.

Zailena dirudi hiriburu handietan halako espazio bat sortzea, non gaelikoa hitz egiten duten lagun kopurua txikia den; izan ere, hiztun ugari bizi diren Inverness eta South Uist herrietan kultura zentroak dituzte aspalditik. Kanpoko adibideei erreparatuta, Belfasteko (Ipar Irlanda) Cultúrlann McAdam Ó Fiaich eta Galesko hizkuntza zentroen ereduak azpimarratu dituzte. Bietan lortu dute kultura espazio berean biltzea hiztun berriak eta trebeak.

Zer egin dezake telebista publikoak? Laster ikusiko da zer prestatu duen ETBk belarriprest eta ahobizi guztien jarrera aktiboa sustatzeko. Badator Euskaraldia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna