Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Partidari ekitea

2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gaizki dabil aurten. Herenegun, berriz ere galdu zuen Manchester Unitedek. Txapeldunen Ligan, Valentziaren kontra, 0-2 izan zen emaitza. Jose Mourinho taldeko entrenatzailearen etorkizuna kasik Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarena bezain zalantzagarria da. Deabru gorriek lehiaketan aurrera egingo duten arren, Mourinhok zaila du Ingalaterran jarraitzea. Ingelesez, hori bai, oso ondo aritzen da; bai futbol zelaian, bai hedabideen aurrean—mirestekoa da Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaile katalanaren ingeles maila ere—. Mourinho portugaldarra da, eta, ziur asko, Portugalen hizkuntza politikak eragin handia du. Portugalgo telebista publikoan eta pribatuan ez dituzte bikoizten edukiak. Zinema aretoetan, gainera, azpidatziak erabiltzea da araua. Horrekin esan nahi dut gaztetatik atzerriko hizkuntzak entzuteko (eta ohitzeko) aukera izateak asko errazten diela nazioartean ibili behar dutenei bigarren (edota hirugarren) hizkuntza ikasteko prozesua. Hots, horretarako egin beharreko ahalegina.

Erresuma Batuan hizkuntza politika nahiko negargarria da, oro har. Nagusiki, uste dutelako beren hizkuntza hegemonikoanahikoa zaiela munduko edozein tokitara joateko eta edozein gauza egiteko. Bestela esanda, inoiz ez dutela beste hizkuntzarik ikasi beharrik izango. Gauza arrunta da, ondorioz, kaleko seinaleak ele bakarrean egotea; edo, telebista publikoan, atzerriko jendea bere jatorrizko hizkuntza alboratuta ingeles ia maila perfektuan hitz egiten entzutea. Finean, hemengo politikara egokitu beharra dago. Baina herrialdearen tradizio menperatzaileari jarraikiz, gainerako hizkuntzen zapalkuntza harago doa. Gogoan dut, esate baterako, Gary Neville futbol entrenatzaile ohiak bi denboraldi egin zituela Valentzian. Halere, ez zuen gaztelaniarik ikasi, eta itzultzailea eramaten zuen alboan. Gareth Bale Real Madrileko jokalari galestaren antzera, alegia; bost denboraldi daramatza Espainian, eta ezin du prentsaurrekorik eman gaztelaniaz.

Zein da euskal futbol sektorearen hizkuntza? Zenbat aldiz entzuten da euskara zelaian? Pretsaurrekoetan? Atzerriko zenbat entrenatzailek eta jokalarik ikasi dute euskaraz? Esango nuke ez direla asko izango. Partida horri ekitea ere ukatuko digute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.