Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Laburregi

2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Kritikak onartzen ez dakien jendartea omen da gurea, azal finekoa, oldarkorra, sentsibleegia. Hala izango da, baina hala ez balitz ere, askok eutsiko genioke kritikari eskasaren paperari. Aitor dezagun, ez dakigu iruzkin txar samarrik egiten errudun sentitu gabe; erantzukizunari ihes egin nahian, egurra hitz politekin txandakatzen dugu gure kontzientzia lasaitzeko. Koldarki. Baten batek pentsa lezake horren adibide bat gehiago besterik ez dela hau; erruduntasun kristauak naramala Gutuberrak bigarrenez hizpide hartzera. Baina ez, ez da hori (bakarrik). Miren Maniasen Erronka berririk zailena zutabea irakurri nuen atzo, eta bere hitz onek xaxatuta, falta zitzaizkidan hiru atalak ikusi nituen segidan; espero baino gusturago ikusi ere. Funtsean, jarraitzen dut aurrez idatzitakoari temati eusten —pena da baliabide gutxi izanda transmedia izaera emateko lan gehigarria ere euren gain hartu izana—, baina antzeman dizkiot aurrez aipatu gabe utzitako beste zenbait dohain.

Aktoreen lanak hobera egin du azken hiru ataletan. Dialogo luzeagoak eta sentimendu ilunagoak antzeztu dituzte, eta hala ere, lehen ataletan baino sinesgarriago begitandu zaizkit. Edurne Azkarate —aurkezle papera utzita—aktore lanetan agertzen da aspaldiko partez, eta Nerea Arriolak umoretik haragoko erregistroetara moldatzen badakiela frogatu du. Aipamen berezia merezi du Axeñ Egañak ere: ausardia behar da 80 urteren bueltan websail bateko paper umoretsuari horren duin eusteko.

Interpretazio lanetik harago, Gutuberrak-ek badu ezohikoa den beste ezaugarri bat. Gaur egungo arazoez mintzo da: etxegabetzeez, jokoak eragiten duen menpekotasunaz, familia eredu ez-konbentzionalez, sare sozialek baldintzatutako egoez... Negargarria bada ere, apenas jorratu diren gai horiek euskaraz eta ikus-entzunezkoan.

Oro ez da urre, dena den. Gutuberrak laburregia iruditu zait; bai atal kopurua, eta baita atalen luzera ere. 10-15 minutuan dena kontzentratuta, zaila da pertsonaiak komeni beste garatu eta ikusleak haiekin enpatizatzea. Gertakizun segida ere azkarregia egiten da askotan, sinesgarritasuna kaltetuz. Gaiak eta pertsonaiek ematen dute 30 minutuko 10 ataleko telesaila egiteko. Pena da. Itxuraz —esperimentu merkeetatik harago— ETBk erabaki du ez dugula halakoen beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.