EKOGRAFIAK

Iruzur birtualak, amerikar erara

Miren Manias -

2019ko otsailak 8
Hulu eta Netflix plataformek inoiz gertatu ez zen musika jaialdi baten gaineko dokumental bana estreinatu dute: Fyre fraud (Fyre engainua) eta The Greatest Party That Never Happened (Inoiz gertatu ez zen festarik onena), hurrenez hurren. Hedabide bien arteko lehia bizia da; izan ere, batek estreinatu eta egun gutxira egin du besteak.

Fyre Festival festa handia izango zen, baldin eta antolatzaileek musika jaialdira joan zirenak birtualki engainatu izan ez balituzte. Sare sozialetan gehien komentatutako 2017ko ekitaldien top zerrendan sartu zen, baina Fyre Festival jaialdian ez zuen inork ondo pasatu. Gezur hutsa izan zen. Netflixek ekoiztutako eta Chris Smithek zuzendutako 90 minutuko lana ikusi dut. Aukera baldin baduzue, ez galdu. Bi asteburuko programazioa erakargarria zen: talde ezagunak —Blink 182 eta Mayor Lazer, horien artean—, izen handiko emakumezko modeloak —Kendall Jenner, Bella Hadid eta Hailey Baldwin—, luxu handiko ostatua, jakiak, edariak... jenderik gabeko uharte batean (Bahametan). Sarrera, gainera, nahiko merkea zen: 88 eurotik hasita. Bertaratu zirenek, ordea, bestelako egoera topatu zuten. Lo egiteko koltxoi bustiak karpa handien azpian, esate baterako; eta, jateko, gazta-xerra ogiarekin.

Billy McFarland (New Jersey, AEB, 1991) enpresa sortzaileari bururatu zitzaion ideia. Hurbileko lagun taldea osatu eta sare sozialak erabiltzea erabaki zuten jaialdiaren berri emateko. Bideo korporatibo bizia ekoiztu ondotik, Instagram, Youtube, Facebook eta Twitter kanaletan eragin handiko pertsonak kontratatu zituzten. Helburua: jaialdiari ahalik eta oihartzun handiena ematea. Esklusibotasun kutsua eman zioten ekitaldiari, baita horrekin asmatu ere. «Mundu guztiak pentsatu zuen bertan bilduko zirela arrakasta handiko gazte dirudunak», azaldu du Seth Crossno blogariak eta podcast egileak. Crossnok eta hiru lagunek 40.000 euro gastatu zituzten fikziozko luxuzko zerbitzuetan.

Guztira, 23 milioi euroko zuloa eragin zuen McFarlendek. Bahametako bizilagun ugariri, esate baterako, ez zien ondainsaririk eman egindako lanagatik. Egun, kartzelan dago —ez iruzur horregatik bakarrik— eta 88 milioi euroko auzi-eske kolektiboa dauka zain. Dokumental osoan ez dago haren adierazpenik. Bere denboragatik dirua eskatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna