Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Esaten ez dena

2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ez nuen zuzenean jarraitu Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren aurkezpena herenegun, legebiltzarreko kontrol batzordean. Halere, hurrengo eguneko egunkariak ez ezik, bertan izandako kazetarien sare sozialak erabili ditut informazioa jasotzeko. BERRIAko Urtzi Urkizuk, esaterako, zabal bildu zituen Iturberen adierazpenak Twitterreko kontuan. «EITBren benetako erronka digitala da», esan zuen Iturbek. Horretarako, zortzi lan ildo estrategiko landu ditu EITBk.

Horiek guztiak garbi zerrendatu zituen Iturbek, baina nekez aurkitu daiteke lerroburuen haragoko zehaztasunik. Zuzendari orokorraren arabera, ildo estrategikoak «EITBren nortasuna eta xedea»-rekin bat datoz. Zeintzuk dira horiek, ordea? Bereziki ETBk audientziarekin duen urruntasunaz jabeturik, esango nuke berebiziko garrantzia duela bi elementuak zehazteak. Bestela, arrunta izaten jarraituko du Iturberentzat esatea EITB «oso erakunde sendoa» dela.

«EITB gabe, ez genuke gaur egun daukagun Euskal Herririk. Gaztelaniaz izango litzateke entretenimendu eskaintza ia osoa». Hori ere esan zuen zuzendariak. Baina zergatik ez zuen daturik eman hori frogatzeko? Telebistan, nahikoa izango litzateke euskaraz zein gaztelaniaz ekoizten diren ordu kopurua zenbatzea. Iturbek hori egingo balu, esango luke ETB1 —eta audientzia osoa— bigarren mailakoa dela?

Bai esan zuen «ETB1erako gehiago produzitu behar» dutela. «Baina baliabideak behar ditugu horretarako. 30 milioi euro gutxiago ditugu duela hamar urte baino». Nire galdera da: zuzendaritzako kideen soldatak igo ala murriztu egin dira ordutik? Eta ETB2n inbertitutako dirua? Horiei buruz, irakurri dudaneraino, ez zuen ezer esan Iturbek.

Beste adibide bat: «EITB ondo posizionatuta dago Interneten, baina lan asko daukagu egiteko. Erronka izugarria da. Lantalde bat daukagu aldaketa digitalerako». Ados. Baina zergatik dago ondo posizionatua Interneten EITB? Eta zein da egiteko duten hori? Zeintzuk dira lantaldeko kideak? Eta haien estrategia? Hain zuzen ere, digitala baldin bada erakunde publikoaren «benetako erronka», aurre nola egingo dioten esatea da logikoena. Baina jakina da esaten ez dena egingo ez dena bilaka daitekeela. Adibidez, zergatik ez den egin oraindik euskarazko telesailik, Go!azen albo batera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.