Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Kartzela' (eta III)

2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Seigarren ataleko tentsio unerik gorenean, Garazi azaltzen da korrika: «Mara! Ni naiz dena antolatu duena», oihukatzen dio. Alegia, BECeko itxialdia edo sei lagunen kartzelamendua ez da kasualitatea izan. Mara, bere laguna, bertsolaritzara itzuli dadin antolatu du Garazik. Izan ere, gaztetan parte hartutako udako bertso eskola hartan, lagunek bullying egin zioten Marari. Ordutik, «bertso usaina duen edozer» alboratu du hark.

BECeko gainerako lagunak, Ekhi izan ezik, delituaren konplizeak dira. Hain justu, Garazirekin elkarlanean aritutako une ezberdinak erakusten zaizkio ikusleari. Itxialdia ulertaraziz. Marak nola erantzuten duen jakiteko, ordea, euskarazko websaila ikusi beharko duzue.

Gustura ikusi dut Kartzela. Bereziki, laugarren ataletik aurrera. Halere, Arnasa gara kanpainaren edukiak eta ezaugarriak gehiago isla zitezkeen. Gidoi lanean, batik bat. Aktoreen zuzendaritza modu negatiboan kritikatu dute batzuek sare sozialetan. Kontuan hartuta aktoreek oso ezaugarri zehatzak eduki behar zituztela, euskararentzat arnasgune diren udalerrietako herritarrenak, hautaketa ezin izan zuten libre egin. Horregatik, eta 6-7 aste izan zituztelako gidoia prestatzeko —kanpainako ordezkariekin kontrastatzeko etenak barne—, emaitza txukuna da.

Pena da websaila laugarren atalean gorantz egiten hastea. Ikus-entzunezko produktuetan hasierak du pisu handia. Zer esanik ez bizi dugun eskaintza masiboaren testuinguruan, non ikuslearen arreta harrapatzea ariketa zailenetako bat den. Ildo horretan, estrategia ona da istorio nagusia misterioan oinarritzea, eta egun bakoitzean atal bat ematea. ETBren Nahieran zerbitzuan zein Kartzela.eus atarian. Ez dakidana da zenbateko promozioa izan duen websailak ETBko atari horretan, izan ere, Nahieran-ek ikusgarritasun aukera hobeezina eskaintzen die halako euskarazko lanei. Zehatzago galdetuta: Zenbat ikusle batu ditu Kartzelaren euskarri digital bakoitzak?

Lander Arretxea Hiru Damatxoko kideak autokritika egin du: «Umorezkoa ez den fikzioa ondo egitea zaila da, eta ez genuen esperientziarik. Gauza batzuekin pozik gaude, besteekin ez; asko dugu hobetzeko. Ea hurrengo batean denbora gehiagorekin egin dezakegun lan, eta horrela aitzakiarik gabe geratzen garen». Bigarren denboraldia egongo da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.