Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Non daude istorio berriak?

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Iritsi da The Witcher gure egongeletara. Itxaronaldi luzea izan da. Proiektua martxan jarri bezain pronto hasi ziren hainbat datu eta irudi filtratzen, eta oso gertutik jarraitu ahal izan diogu telesailaren sortze prozesuari. Nahita edo nahigabe gertatutako filtrazioek, eztabaida eta hype handia sortu dute, eta Riviako Geralten zaleak antsietateak jota ziren dagoeneko Netflixen azken superprodukzioaren zain.

Riviako Geralt belagilearen saila Andrzej Sapkowski idazle poloniarraren liburu bildumak sortutako unibertsoan oinarritzen dira. Fantasiazko literatura zaleen artean ezagunak ziren liburuak, baina publiko orokorragoarentzat, ni neu barne, bideo jokoek egin zuten ezagun Geralt ilezuria. Zinemaz, telesailez eta musikaz hitz egin dizuet Ekografiak hauetan orain arte, eta, gaurkoan, falta ziren nire zaletasun nagusiak aipatzea lortuko dut: bideo jokoak eta komikiak.

Eta nola komikiak? Galdetuko duzue, «Ez zaitez pasatu» ari da baten bat, baina ez, zentzua du gaurkoan bi horiek aipatu nahi izanak. Hollywooden pandemia denak gainontzeko ikus-entzunezkoak jaten ari da. Bai, istorio berrien faltaz ari naiz. Zinema komertzialetako karteldegiei begira bost minutu igaroz, bizkor konturatuko zarete bertan ageri diren filmen %80 eleberrietan, komikietan edo bideo jokoetan oinarritutako istorioak edo aurretik egindako beste batzuen sekuela, prekuela edo remake-ak direla. Gaixotasun hori halako puntura iritsi da, non sinetsarazi nahi diguten urteko pelikularik iraultzaileena Joker dela. Ez asaldatu, ez diot filma txarra denik, baina DCren frankizia bat da, zine komertzialetara bideratua eta Batmanen unibertsoan oinarritua. «Ez da superheroi pelikula arrunt bat!», erantzungo didazue beste behin, zuen etxeko norbaitekin sartu banintz moduan. Nahi duzuena, baina superheroi unibertso batetik ateratako eta azken urteetan lauzpabost bat filmetan agertutako pertsonaia baten istorioa da. Zinema salbatzera Jokerrek etorri behar badu, jai dugu.

Nik ere gustuko ditut halako moldaketak, The Witcher ,kasurako, baina direna dira, ez gehiago. Warner edo Netflixek ekoitzitako eduki bat ez da sekula iraultzaile edo industriari ihes egin dion istorio aske bat izango. Are gehiago, oso helburu garbia du, hain zuzen ere, zuk eta nik, ihes egin dien zerbait dela pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.