Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Urte berriko egitasmoak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hasi da 2020a, eta dagoeneko badira hilabete batzuk Ekografiak hauetan nire iritziak eta eldarnioak irakurtzen dituzuela. Denbora horretan, denetik izan da, saio berezi edo estreinatu berriei kritikak, nazioarteko zein bertako —bat, ez gaitezen emozionatu— fikziozko telesailen inguruko dibagazioak, eta bereziki, buruan etengabe bueltaka ditudan mantren errepikapenak. Bai, pisua izan naiteke. Banekien ez zenituztela hilabete askorik beharko horretaz konturatzeko.

Mantra horietako bat aipatu dizuet pare bat aldiz, ETB2k ikusle erdaldunak euskarara gerturatzeko tresna izan beharko lukeela dioen hori. Asko kritikatu izan dut ETBren bi kate nagusien arteko desoreka, eta horretan jarraituko dut, baina egun hauetan, argia ikusi dut tunelaren amaieran; urrun dago oraindik, baina argi apur bat ikusi dut eta poztu naiz, aizu! Gabonetako maitasun eta anaitasun giroa izango da, nik zer dakit!

Urtea ETB1 ikusten amaitu genuen etxean. Badira urte batzuk horrela egiten dugula, baina ulertuko duzuen moduan, ez da unerik egokiena saio baten kritika landu baterako datuak biltzeko. Ardo eta cava artean, Sara Gandara, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik gidatutako saioarekin esan genion agur 2019ari, 2020ari besoak zabalik ongietorria emateko. Saioa, ETB1en eta ETB2n eman zuten aldi berean, eta nagusiki euskaraz mintzatu ziren. Saioaren edukia erakargarriagoa izan zitekeen, zalantzarik gabe, baina hori da bidea. Urte amaiera aitzakia, hiztun erdaldunak eta euskaldunak elkarrekin biltzen diren festa edo familia afarietan, euskarak galdua zuen leku bat irabaz dezakeelako.

Erabakiagatik zoriondu nahiko nuke ETB, baita saioaren kokalekuarengatik ere. Kanpaiak Izabatik eman zituzten, Erronkariko bihotzetik. Euskarak egoera zaila bizi duen merindade batetik, arnasguneetan bizi garenok imajinatu ere ezin dugun lana egiten duten lur haietatik. Txalotzeko erabakia da. Batetik, gure hizkuntza, egun berezi batean, egunerokoan errealitate gogorra bizi duen herri batera eramaten duzulako. Bestetik, euskaltzale horiei guztiei aitorpena egitea delako. Baina bereziki, euskararekin harreman handirik ez duten herritarrei gure hizkuntza beraiena ere badela sentiarazten zaielako. Ea ez den urte berriko egitasmo hutsal batean geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.