Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hamalau urte geroago

2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Dantzatzen den herria da ETB1en saio berria. Asteazkenean estreinatu zuten, prime time ordutegian. Ordu bat irauten du, eta helburua da «Euskal Herriko zenbait herritako biztanleak elkartzea eta lipdub bat egitea». Euskarazko Wikipediaren arabera, lipdub-a ikus-entzunezko musikatua da. Abesti batean oinarrituta eta jatorrizko audioa entzuten den bitartean lagun talde baten koreografia jarraian filmatzean datza. Ezpainen sinkronizazioa eta audio bikoizketa uztartzen dira postprodukzioan. Lipdub terminoa 2006ko abenduan erabili zen lehenbiziko aldiz. Berehala zabaldu zen fenomenoa, eta geroztik, dozenaka lipdub antolatu dira munduan.

ETB hamalau urte beranduago etorri da lipdub formatuan oinarritutako telebista saio batekin. Itziar Alduntzin kazetariak eta Gotzon Poza koreografoak gidatuta, hain zuzen. Ekoizpena, bestalde, «erreportajeetan espezializatuta» dagoen Baleuko ekoiztetxearekin batera egin dute. Asteazkeneko atalean, Getariara joan zen lantaldea, Elkanoren sorterria dantzan jartzeko. «Ez da erraza herri guztia mobilizatzea; ematen duen baino zailagoa da, baina emaitza brutala da», adierazi zuen saioaren aurkezpenean Alduntzinek.

Zer iritzi du audientziak? Aritz Ibañez Lusarretak honako hau komentatu zuen Twitterren: «Ez dakit. ETBk ohiko betelan horietako bat, ezta? Lipdubak duela hamar urte egon ziren modan eta orain datoz honekin. Eta horrela beste guztia ere...». Danel del Pradori, esaterako, ez zitzaion gustatu Getariako lipdub-ean erabilitako musika: «Dantzatzen den herria saioa ondo zihoan prime time ordutegian emateko, baina lipdubarekin pikutara joan da. Zer musika aukeraketa da hori?». Iker Aizpurua Telleriak, bestalde, lipdub-aren formatua iruzkindu zuen: «Logikak esaten dit denek abesti bakar batekin egin beharko zutela, eta ez talde bakoitzeko abesti batekin». Itzea Urkizu Arsuagak, azkenik, koreografoak egindako adierazpen batzuei erantzun zien: «Saioko koreografoarentzat euskal dantza eta maila altuko dantza ez dira sinonimo posibleak. Behintzat saioa goi mailako lipdub batekin amaituko da, gaitzerdi».

Lehen atalean produkzio lan handia azpimarratuko nuke. Ez besterik. Horregatik, kezkatzen nau ETBk pentsatzen jarraitzea ETB1ek halako saioen beharra duela, hamalau urte beranduago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.