Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Lur, Amets, Shin Chan eta Pippi

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez dute txaloka hastea gura izango, ezta?», esaten du historiaurreko Lur eta Ametsen leize-zuloko katuak, familiako kideek Baltaxar izena jartzen diotenean. Galdera erretorikoa da, argi baitago katuari ez diola grazia handirik egiten eman dioten izenak. Baina Lur eta Amets, hau bai abentura! marrazki bizidunetako saioak bai merezi duela txaloa, ganoraz egindako oso lan duina baita.

Ez nuke esango helduok ere adikzioraino harrapatzeko gauza denik, hori gehiegizko laudorioa litzateke, baina helduok ere gaizki pasatu gabe —auzo-lotsarik gabe behintzat— eta entreteniturik ikusteko modukoak dira Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak, Elkarrek eta Lotura Filmsek ekoitzi eta Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendutako marrazki bizidunak. Ez alferrik profesional ezagunak daude parte hartu dutenen artean: gidoiak Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik idatzi dituzte, Uxue Alberdik eta Unai Elorriagak aurrez idatziak zituzten narrazioetatik abiatuta; musikaz Joserra Senperena arduratu da; hasierako kantuak Xabier Zabala eta Uxue Alberdi ditu egile; eskarmentu handiko bikoiztaileenak dira ahotsak... Marrazki bizidunen osagarri, familia giroko lehiaketa bat du saioak, istorioetan kontatuei lotua.

Aukeran, didaktikoegia izateaz gain —jatorrizko xede du hori—, politikoki zuzenegia eta onberegia da gidoia, eta baita pertsonaiak ere, amona zentzudun eta jakintsua batik bat. Ez da harritzekoa. Batetik, jakina da euskaldunok oso maiteak ditugula gure amonak, amona hitzak, bere aldaera dialektal guztietan —are erdaldunek sortutako amoñi neologismoan ere— goxotasuna iradokitzen duela; bestetik, tradizio handiagoa beharko genuke didaktismo gutxiagoko marrazki bizidun transgresoreagoak kirrinka larregirik eragin gabe jasotzeko.

Seguru asko Shin Chanen eta Pippi Kaltzaluzeren antzekoagoak nahi izango zituzten haien sortzaileek Lur eta Amets, baina horrek ez zuen bat egingo eskatu zietenarekin. Eta bestela ere, horretarako aukera izan arren, akaso ez ziren ausartuko, igerileku horretan, oraingoz behintzat, nahikoa ur ez dagoela iritzita. Kalabaza tripontzia gogoangarriak 1984an zabaldutako bideak jarraipen oparoagoa izan balu, beste oilar batek egingo liguke kukurruku!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.