Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Amesgaiztoak izateko aproposak

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ez da amets goxoak ziurtatzeko aukerarik onena oheratu aurretik Guardia Zibilari buruzko erreportaje bat ikustea. Baina ezin zaio errealitateari uko egin eta Guardia Zibila errealitate ukaezin, temati eta beldurgarria da gure inguruan aspaldidanik, eta ez dago laster hala izateari utziko diola pentsarazten duen zantzu askorik.

Horregatik, ez zen denbora alferrik galtzea izan igande gauean ETB2k 360º saioan eman zuen erreportajea ikustea: La Guardia Civil: ¿Un Estado dentro del Estado? (Guardia Zibila: Estatu bat Estatuaren barruan?). Eider Hurtado kazetariak zuzendutako kazetari taldeak egindako lana da, askotariko lekukotasunetan funtsatua: Carlos Enrique Bayo, Guardia Zibilari buruz ikerketa sakonak egindako kazetaria; Jaime Mayor Oreja, Espainiako Barne ministro ohia; Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohia, 2003ko otsailean Guardia Zibilaren torturak bere larruan jasandakoa; Rafael Vera, Espainiako Estatuko Segurtasun idazkari ohia; Maria Serrano eta Gloria Moreno, Guardia Zibilaren ustelkeria eta misoginia salatu duten guardia zibilak; Joaquin Jimenez, Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emeritua; Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia...

Erreportajeak argi uzten du Guardia Zibila oso urrun dagoela herritarren zerbitzura dagoen erakunde demokratiko bat izatetik; muinetarako txertatuak dituela endogamia, ustelkeria, misoginia eta frankismoaren nostalgia; eta lotura estua duela eskuin muturreko ideologia inboluzionistekin. Ezin esan inor ezustean harrapatzen duten ondorio harrigarriak direnik, baina horietara iristeko jasotako lekukotasunak argigarriak dira.

Bideoteka aberatsa da ETB2ko 360º saioak orain arte osatu duena, Nahieran atarian eskuragai ikusi nahi duenarentzat. Guardia Zibilari buruzkoa bezala, amesgaiztoak izateko aproposak dira bideoteka horretako erreportaje asko, baina ez horregatik alde batera uztekoak.

Amesgaiztoetatik amets goxoetara pasatuta, ez legoke gaizki ETB1 izatea, ETB2 izan beharrean, horrelako erreportajeak eskainiko lituzkeena. Baina, oraingoz behintzat, hori laster gerta daitekeelako itxaropena izatea Guardia Zibila gure ondotik desagertuko dela uste izatea bezain zaila da, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.