Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Fikzioaren banalizazioa

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hala esaten du nire adiskide poloniar batek norbait lehengo garaiak laudatzen entzuten dituen bakoitzean: «Auschwitz nie jest juz tym czym byla». Gero itzulpena egiten du: «Auschwitz ez da jada lehen izan zena». Ez zaio arrazoirik falta. Ez gaude historiako unerik okerrenean eta kontu askotan inoiz baino hobeto gaude. Makinaren denboran sartzeko aukera izan eta bizitzeko garai bakarra aukeratu behar bagenu, nork ez luke gaur egungoa aukeratuko?

Adiskide poloniarraren esaldia nostalgia mitifikatzailearen aurkako txerto gisa hartu eta gero, nostalgia arrazional pixka bat egiten saiatuko naiz, telesailek azken urteetan izan duten gorakadaren ondorio kezkagarrienari erreparatuz. Afalosteko eta lotaratu aurreko tartea da telebistaren eguneko une gorena, prime time deritzona, eta hori ez da aldatu 1960ko hamarkadatik gaur arte. Familia osoarentzako entretenimenduak ziren nagusi telebista etxe guztietara zabaldu zen garaiko prime time zuri-beltz hartan, TVEko Un, dos, tres lehiaketaren tankerako saioen urrezko aroan. 1990eko hamarkadatik aurrera, telebistak hain familia giroko izateari utzi zionean, bestelako saioak hasi ziren nagusitzen, reality-en, telezaborraren eta morboaren garaia iritsi zen.

Azken urteetan telesailek bereganatu dute prime time-aren nagusitasuna, eta plataformek ohiko telebistaren lekua. Berez, ez da txarrerako izan aldaketa, baina ondorio kaltegarri bat ere ekarri du: fikzioaren banalizazioa. Ez da fenomeno berria, zinemari eta literaturari ere eragin die lehenagotik, baina telesailen arrakastarekin areagotu egin da. Telesailak, horietako asko gure gizartearen erretratu kritiko bikainak, teknikoki eta artistikoki ere tatxarik gabeak, bata bestearen atzetik doaz, inorengan arrastorik uzteko astirik gabe.

Orain filmatuko bazenu Citizen Kane, Ladri di biciclette, À bout de souffle, Viridiana, To Kill a Mockinbird, El verdugo, Easy Rider, A Clockwork Orange, Life of Brian, Novecento... laudorioak eta dirua jasoko zenituzke akaso, baina ezin izango zenuke arrasto sakonik utzi gizartean, txio-borroka antzu batzuetatik harago. Auschwitz ez da jada lehen izan zena, baina zein ederrak ziren emanaldiaren ondorengo eztabaida haiek garai bateko zine-klubetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.