Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zubiak zubi

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Igande gauean, El Drogas dokumentalaren ondoren (atzo komentatua sail honetan), XX. mendearen amaierako euskal rock musikarekin zerikusi zuzena zuen beste dokumental bat eskaini zuten ETB2ko eta Eitb.eus-ek: Alvaro Fierro eta Joseba Gorordoren 160 metros: una historia del rock en Bizkaia. Bizkaiko Zubiaren luzerari egiten diote erreferentzia izenburuko 160 metro horiek: Portugalete eta Getxoko Areeta auzoa banatzen dute eta, aldi berean, Bilboaldeko Ezkerraldea eta Eskuinaldea deitu ohi direnak, euskal punkaren gune nagusietako bat lehena, Getxo Sound delakoaren rock sofistikatuagoaren gunea bestea. Eskorbuto eta Zarama daude Ezkerraldeko punkaren adibide gogoratuenen artean; Getxo Soundeko taldeen adibide ezagunenen artean, berriz, Los Clavos eta El Inquilino Comunista nabarmendu daitezke.

Iñaki Uriarte arkitekto heterodoxoak itsasadarrean zehar egindako ibilaldietako baten irudiekin eta azalpenekin hasten eta amaitzen da dokumentala, eta Bilbok iragan industrialetik gaur egunera arte izandako eraldaketaren berri ere ematen du, gaingiroki bada ere, gaia bere testuinguru sozioekonomikoan kokatzeko. Baina elkarrizketatutako musikari, kritikari eta abarren azalpenak dira dokumentalaren benetako muina.

Ezkerraldea punkaren leherketaren gune basatia izan zen 80ko hamarkadaren hasieratik; Eskuinaldean, berriz, batez ere 90eko hamarkadan, rock garatuagoa eta musikalki landuagoa egin zuten hainbat taldek, kalitate handikoa, adituek beti aitortu dutenez. Baina, zubiaren 160 metroek, sinbolikoki bada ere, bi errealitate ezberdin bereizten dituztela ukatu gabe, bi aldeetako musikarien eta musikazaleen arteko harremanaren era konexioaren berri ere ematen du dokumentalak, eta ekarpen handiena elkarrizketatuek beren adierazpenetan erakusten duten zintzotasuna eta pasioa da, hooligankeriarik gabeko pasioa baita, zentzuzkoa eta zentzuduna.

Pentsatzen —eta atzera begiratzen— jarrita, Bilboaldean rock musikarekin 80 eta 90eko hamarkadetan gertatutakoa, lehentxeago edo geroxeago, aldez edo moldez, modu batera edo bestera, Euskal Herriko beste leku askotan ere gertatu zen, neurri batean behintzat, itsasadarrik, zubi esekirik, Ezkerralderik eta Eskuinalderik ez izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.