Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Urrea agindu eta putza eman!

2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Aimar eta Leire seme-alabak dira. Txirrindularitza maite dute. Aimar ez zen iritsi ziklista profesional izatera baina gaztetandik maite izan du txirrindularitza, eta atxikimendu samur berezia izan dio beti ziklo-krosari, aita zenarekin, anoraka eta botak jantzita, Ormaiztegira, Legazpiko Telleriarte auzora eta Azpeitiko Landeta auzora (Gipuzkoa) probak ikustera joaten zenetik. Harrezkeroztik buruan betiko iltzatuta dauzka hainbat izen mitiko: Amelio Mendijur, Jose Maria Basualdo, Juantxo Gorostidi, Iñaki Mayora, Jose Mari Iurrebaso, Jose Ramon Izagirre, Roger De Vlaeminck, Rolf Wolfshohl, Klaus Peter Thaler, Roland Liboton, Radomir Simunek...

Aitaren zaletasunak kutsatuta, Leirek herriko txirrindulari taldean eman zuen izena iaz, 12 urterekin, eta ilusio handiz joaten da entrenamenduetara. Pandemiaren kontuarekin, Aimarrek eta Leirek ezin izan dute aurten ziklo-kros probarik ikusi bertatik bertara, baina gozatu dute, ahal izan duten neurrian, Mathieu Van der Poelek eta Wout Van Aertek, udazkenean errepidean bezala, neguan lokatzetan izan duten lehia ikusgarriarekin.

Telebistan ere ezin izan dute probarik ikusi, ziklo-krosa zeharo ahaztua baitute Espainiako Erresumako kate guztiek, baita kirol arlokoek ere, eta Espainiatik kanpoko katerik ezin dute ikusi etxean. Zorionez, Eurosport 2 kateak munduko txapelketako bi saio nagusiak eman ditu, emakumezkoena zein gizonezkoena, diferituan bada ere, urtarrileko azken bi egunetan.

Emakumeen txapelketa ikusi dute larunbat arratsean, Lucinda Brandek bikain irabazia, Ostendeko (Flandria) hondartzan, oso irudi ederrak eskainiz itsasoko olatuen ondo-ondoan pedalei eragiten. Igande arratsean berriro eseri dira aita-alabak telebista aurrean, Van der Poelen eta Van Aerten arteko lehia ikusteko irrikaz. Ordurako amaitua da proba baina, nork irabazi duen ez jakiteko, irratia eta telebista itzalita izan dituzte arratsalde osoan. Eurosport 2k, ordea, abisatu gabe, Ostende ostenduz, ziklo-krosaren ordez automobilismoa ematea hobetsi du, Daytonako 24 Orduak... lau orduz!

«Urrea agindu eta putza eman!», esan dio, amorrarazita, Aimarrek Leire alabari. «Telebista kutxa ergela dela entzun izan dinat. Hutsa bera ergela izatea, ikusleak ergeltzat hartuko ez bagintu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.