Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Inbidiaz eta aurreiritziz

2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Miresgarria iruditzen zait Ibon Martin literaturaren munduan egiten ari den bide oparoa; baita Toti Martinez de Lezearena ere. Idazle naizen aldetik, behin baino gehiagotan sentitu dut inbidia lagun batzuek idazle horien nobelak irakurriz nola gozatzen duten adierazi izan didatenean. Bada balio literarioa ukatzen dienik, baina ezin da lortu irakurleen hain gustukoa izatea oso idazle ona izan gabe.

Jakin nuenean herenegun ETB1eko Biba zuek! saioko elkarrizketatu nagusia Ibon Martin izango zela, ordea, hainbat galdera etorri zitzaizkidan burura. Ez dira galdera erretorikoak, hain gutxi ironikoak, eztabaidarakoak baizik: zergatik artegatzen nau euskal irakurle askoren idazlerik gustukoenak erdaraz idazten duten idazleak izateak, idazle horiek euskal herritarrak, eta are euskaldunak ere, izan arren, eta idazle horien lanak askotan euskaraz ere irakur daitezkeen arren? Literaturaren ikuspegi zaharkitu bati lotutako aurreiritzien ondorioz kostatzen zait onartzea Ibon Martin, Toti Martinez de Lezea bezala —idazle euskalduna izan arren, escritor vasco izan arren, bere lan batzuk euskaraz ere oso gustura irakur daitezkeen arren—, euskal idazlea dela? Ez du idazle horien kasuan euskarazko itzulpenak, beren aldetik asmo gaiztorik gabe bada ere, jakina, euskal idazle mozorro baten antzera funtzionatzen? Modaz pasatua dago obra literarioak hizkuntza bateko literaturaren tradizioaren barruan irakurri, baloratu eta gozatzeko joera? Ez da hobe literatura besterik gabe kontsumitu eta idazleak ematen dizun plazerarengatik laudatzea, hizkuntza jakin bateko literaturari zer ekarpen egiten dion, edo ez dion, kontsideratu gabe? Ibon Martinek eta Toti Martinez de Lezeak hainbeste arrakasta izango lukete jatorriz euskaraz idatzi izan balute? Kalitate eta erakarmen kontu hutsa da horiek erdarazko irakurleen artean arrakasta lortu ondoren euskarazkoen artean ere hain ondo hartuak izatea? Zergatik ez du lortu jatorriz euskaraz idazten duen inork halako arrakasta komertzialik? Alberto Ladron Aranak, adibidez, ez zukeen bide bera egina izango gaztelaniaz idatzi balu —euskal idazlea ez balitz—, eta promozio handiagoa izan balu? Bada aurreiritziak gainditu eta literaturari buruz dudan ikuspegi zaharkitua gainditzen lagunduko lidakeen ikastarorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.