Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Salda badago

2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Badut lagun bat beti berandu iristen dena. Autobusera, Tinderreko hitzorduetara, ikasgelara, dentistarenera. Edonora. Eta ez leku fisikoetara bakarrik; berandu heltzen da albiste eta berritasun guztietara ere. Zinemaldirako sarrerarik gabe geratzen da urtero, Brinkola saioa eta Dut taldea deskubritu ditu orain gutxi, eta hogeita hamarrak pasata otu zaio irakaskuntza masterra ikasi eta aldatu egin behar duela ofizioz. Berandu. Beti. Bazter guztietan agortzeraino hizketagai izan den azken orokorkeriaz hitz egiten badiozu ere, harritu egingo da. Hain bizi da denbora-lerroaren beste koordenada batzuetan.

Baina Matrixeko sisteman akats bat balego lez, espero gabeko gertakaria jazo da gaur. Telebistaz idazten dudala kontatu diot, han eta hemen aritzen naizela gai bila. Isilik entzun nau—espero bezala, ez zekien Ekografiak bazirenik ere—, eta halako batean, hitza hartu du ohi baino ahots ozenagoarekin galdetzeko: «Zergatik ez duzu Harri salda-z idazten?». «Harri...zer?» erantzun diot nik. Berehala piztu zaizkio begietako distira eta irribarre txikia. «Benetan? Ez duzu ezagutzen?»

Lurrinik erantzun gabe geratuko nintzela ikusi duenean handipuztu da laguna. «Kanaldudeko talk show-a da. Josu Guillen lapurtarrak aurkezten du orain, eta berrogeita hamar saio baino gehiago egin dituzte. Bizpahiru gonbidatu izaten dituzte saioko: Chill Mafiakoak izan dira, Amaiur Epher, Miren Narbaiza... Ezin dut sinetsi. Ez dakizu zertaz ari naizen?».

Duintasuna berreskuratzeko saiakera batere ez duinean esan diot baietz: «A, bai, bai. Elkarrizketen saio hori». Baina nire hitz ez irmoegien zalantza antzeman du nonbait. «Elkarrizketak bai, baina oso modu freskoan egiten dituzte. Formatua informala izatea lortzen dute, elkarrizketatua deseroso sentiarazi edo azalkerian erortzeko premiarik gabe. Hobe lukete beste batzuek eredutzat hartuko balute. Udako etenaldia egin ostean, aste honetan itzuli dira berriz. Zer uste zenuen, Kanalduden zesta-punta besterik ez zutela ematen?».

Hori guztia esan dit zirikatzaile, apo bat baino puztuago. Eta ni, gaurkotasunaren olatuari eusten niolakoan zoriontsu nintzen hori, etxera etorri naiz burumakur. Eskerrak Kanaldudek eduki guztiak sarean jartzen dituen. Badut zer jana bizpahiru asterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.