Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Movistar Plusen zentsura

2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Astelehenean Movistar Plusek ohar labur batean adierazi zuen Andreu Buenafuentek aurkezten duen Late motiv saioa abenduaren 23an amaituko dela. Albiste horrek harrabotsa sortu du, eta plataformaren inguruko albiste eta testigantza asko entzun dira sare sozialetan eta Ondas sarietan. Buenafuenteren saioaren amaieraren arrazoia zein den ez dakigu oraindik, baina arraroa da telebista denboraldi erdian saio bat etetea.

Saio horren zuzendariordea izan zen Bob Pop. Azken urteetan kolaboratzaile finko bat izan zen, baina egun batetik bestera Late motiv-etik kaleratu zuten. Aste honetan, Maricón perdido telesailarengatik Ondas saria jaso duenean, bere kaleratzea salatu du. Bere telesaila egiteko Latemotiv-en zuen tartean inspirazioa aurkitu zuela esan zuen, bertan kontatutako testigantza baten ondorioz, gidoia idazten hasi zen. Horregatik, saioari eskertu zion Ondas saria, baina Movistar Plusekin kritikoa izan zen. Argi utzi zuen bere adierazpenak deserosoak zirelako kaleratu zutela.

Horri lotuta, Late motiv-en kolaboratzaile izan den Facu Diaz aurkezleak bere Twitch kanalean Vox alderdiaren inguruko txisteek Movistar Plusen zentsura izan dutela salatu du. Bere adierazpenak #0 kateko beste saio batean gertatutakoaren harira eman ditu. David Broncanoren La resistencia saioan egindako bideo batengatik barkamena eskatu zuen Movistar Plusek, Voxeko europarlamentari Hermann Tertschek bideo horren inguruan gezur bat zabaldu ostean. Facu Diazek Movistar Plusen jarrera salatu nahi izan du, barrutik bizi izan duelako egoera hori, eta argi duelako bere lankide izan diren askok egoera bera sufritzen jarraitzen dutela.

Gertakari horiek batera irakurtzen baditugu, plataforma horretan ultraeskuina boterea lortzen ari delako susmoa izan dezakegu. Facu Diazen eta Bob Popen alde adierazpen asko irakurri dira azken orduetan Twitterren, batez ere Movistar Plusen haiekin lan egin zuten pertsonenak. Erantzun umoretsuak ere egon dira: El Mundo Today-k esaterako Movistar Plusen zentsura izango luketen Espainiako Errege-Etxearen eta Voxen inguruko lerroburuen haria sortu du. Ikusi beharko da zer gertatzen den gai horrekin, baina argi dago komediaren inguruan egon den zentsura #0 kate osoan zabalduta egon daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.