Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Terapian

2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ez dakit noiz gertatu den. Pandemia izan den, heziketa metodo berriagoen ezarpena, Interneteko sare sozialetako influentzerren eragina, edo besterik gabe, adinean gora egin ahala aurkitu garen batzuk lehenago susmatu ere egiten ez genuen egia gordinarekin. Kausa edozein dela ere, askok konpartitzen dugu sentipena: gero eta jende gehiago doa terapiara. Edo agerikoagoa dena: psikologoarenera joateak tabu izateari utzi dio, lagunartean zein publikoki konpartitzeko zerbait izateko.

Twitterren hari luzeak egiten dira gaiaz, telebistako tertulietan hizpide da noiznahi, Antton Telleriak bizpahiru minutu eskaintzen dizkio bere stand-up show-ean eta eliteko kirolari bapobilotsuenek ere psikologoarekin egindako lanketaren garrantzia aitortzen dute.

Pozgarria da edo ez, nondik begiratzen den: den-denok psikologora joan eta gure sosak buru osasunean xahutzeko —inbertitzeko?— premia izatea aurrerapausotzat jo daiteke? Zenbat du horrek produktibo izaten jarraitzeko premiatik? Baina gertatu da, eta ziur asko, onura nabarmenak ditu, bai behintzat geure buruari laguntza behar dugula aitortzeko pausoa ematen lagundu badigu horrek.

Telebistara etorrita, gero eta ohikoagoak dira psikologoarekin hitz-aspertuak erakusten dituzten film eta telesailak. Badu zentzua: espazio gutxitan sortzen da hain sakon eta hainbeste xehetasunekin hitz egiteko bide ematen duen elkarrizketa bat, tentsio maila hori duena, eta baimentzen diona pertsonaiari gertakizun bat hasieratik amaierara azaltzea, bere kontraesan eta gatazkak azaleraziz. Telesail batzuek helduleku bakar gisa ere hartu dute: zenbait herrialdetan garatu den In treatment-ek —jatorrizkoa israeldarra da—, adibidez. Terapiak fikzioan izan dezakeen indarra frogatu zuen telesaila Los Soprano maisulana da. Bestela ilunegia eta misteriotsuegia litzakeen protagonista batekin enpatizatzeko baliabide fina da bertan, beste dimentsio bat ematen diona errelatoari. Hogeita bi urte joan dira fikzioa sortu zenetik eta gainera, inor gutxik ikusi zuen hemen emisioek agindutako erritmoan. Baina pentsatu nahi dut telesail amerikarra ere badela terapia normalizatu duen gertakizun segidako katebegi: Tony Soprano mafiako burua psikologoarenera joaten bada, zergatik ez zara joango zu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.