EKOGRAFIAK

Irabazi artean

Lander Arretxea.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da edonolakoa izan joan den astea. Euskarazko telesail baten estreinaldia ezohiko gertakizuna da oraindik. Irabazi arte nerabeentzako telesailaren lehen atala eskaini zuen ETB1ek, eta, itxura batean —ikusle datuei eta sareetako erreakzioei erreparatuta, behintzat—, harrera ona izan du han eta hemen. Bi hari nagusi ditu istorioak, dirudienez: amaren heriotzaren ostean Bartzelonatik Euskal Herrira lekualdatu den familiaren egokitzapen gatazkatsua, batetik. Eta alaba zaharrenak eskolako lagun berriekin sortu nahi duen futbol taldearen bilakaera, bestetik. Go!azen-eko lantalde bertsuak garatu du, Pausoka ekoiztetxearen egitura baliatuta.

Nerabeentzat dela esan dut, baina komeni da hori xeheago arakatzea. Sex Education telesaila gogorarazten duten hainbat elementu txalogarri ditu: protagonisten ezaugarriak, erritmoa, musika eta kolorearen erabilera... Baina gai sozialei tokia egin badiete ere —matxismoa, ekologismoa, harremanak...—gatazkak zuri samarrak dira. Litekeena da, hortaz, Go!azen-ekin jazo den hori bera gertatzea: telesaileko protagonistak nerabeak diren arren, jarraitzailerik sutsuenak 14 urtetik beherakoetan aurkituko ditu.

Jose Ramon Soroiz eta Tessa Andonegiren pareko aktore eskarmentudunak ageri dira telesailean, baina azpimarratzekoa da telebistan lehen aldiz ari diren aktoreen lan fina. Sua Enparantzak eta Joana G. Arzakek bikain ordezkatu dute alaba protagonisten rola; eta haiekin batera, dozena erdi bat gaztek izango dute telesail honekin trebatzeko parada. Susmoa dut: Eriz Alberdik edo Patricia Urrutiak ere halako aukerak merezi dituztela erakutsiko digute.

Telesailen sikate luzeak sortutako haserretik-edo, badugu ETBk egingo duen hurrengo fikzioak mundua harritu eta orain arteko joera irauliko duen esperantza irrazional modukoa. Baliabideak jarriz gero, eta arriskatuta, akaso gertatuko da inoiz. Baina bien bitartean, lan berri bakoitzari hori eskatzea bidegabea da. Lantalde zabal bat jarri du lanean, eta, datuek diotenez, haurrak ari dira Irabazi arte ikusten. Zahartuagoon begiradatik, zulo baino dohain gehiago ditu. Nahikoa behar luke horrek. Noizbait—lagunarteko partidatxo bat bada ere— irabaziko dugu agian, baina irabazi artean, jarrai dezagun kontatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.