Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gurpila

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Nork bere zaletasun ezkutukoak ditu. Erabat ezkutukoak batzuk, lagunik lagunenari ere aitortuko ez genizkiokeenak. Eta beste batzuk, erdizka soilik direnak ostentzekoak; ageri-agerian jartzen ez baditugu ere, konfesatzeko modukoak direnak apur bat estutuz gero. Azken multzo horretan sartzekoetan, nik baditut, gutxienez, bi. Haietako bat aipatuko dizuet gaur, bigarrena beste baterako utzita.

Noan harira, bada: txirrindularitza zalea naiz, gero eta gehiago. Ez pentsa hogeita hamarren krisiak jota maillota eta bizikleta erosi eta asteburuan batetik bestera aritzen naizenik. Ez, profesionalen txirrindularitzaz ari naiz, pantailakoaz. Askok siesta egiteko erabiltzen duzuen helikopteroaren takataka atseginarekin batera ikus daitekeen kirolaz. Oso haurra nintzenetik omen datorkit afizioa, eta denborak, arindu beharrean, bizitu egin du nire interesa.

Telebistako joerei erreparatuz gero, ez dirudi fenomeno isolatua naizenik. Orain urte batzuk, Hego Euskal Herritik zuzenean ikus zitezkeen lasterketak gutxi ziren: Frantziako Tourra, Italiako Giroa, Espainiako Vuelta, Euskal Herriko Itzulia eta munduko txapelketako klasiko bakanen bat. Gaur-gaurkoz, eta doako kateak Eurosport edo DAZNen gisako plataformekin uztartuz gero, zientoka dira. Dena nahieran ikus daitekeen honetan, zuzeneko emankizun aurreikusezinak dira telebista konbentzionalei geratzen zaien helduleku bakanetakoa.

Pasa den asteburukoa da adibide deigarriena: egun berean, gizonezkoen goi mailako lau lasterketa lehiatu ziren, eta den-denek izan zuten tokia telebistan. Horretarako, ordea, lasterketa guztiek egokitu zuten haien eguneko ordutegia. Inork ez baditu ikusten, patrozinatzaileek ez dute dirurik jartzen, eta, hortaz, akabo lasterketa.

Taldeei ere eragin die, eta ez gutxi. Lasterketa den-denak telebistan ematen dituztenetik, denboraldien planifikazioa nabarmen aldatu da. Ez da nahikoa Tourrerako ondo prestatzea; txirrindulari onenek denboraldia hasten denetik egon behar dute lerroan, garaipenak lortuz, prestaketarako ia tarterik gabe. Gurpilak bi aldeetara egiten du bira: txirrindularitzak gero eta gehiago agintzen du telebistan. Telebistak gero eta gehiago baldintzatzen du txirrindularitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.