Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ezkor kronikoa

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Futurofobia. Hala izena du irakurtzen ari naizen saiakera liburuak, eta ez zait euskaratzeko baliokide borobilagorik otu. Gerofobia, beharbada? Hector Garcia Barnesek idatzia da, eta millennial izendatu gintuztenon artean ohikoa den ezkortasunaz dihardu. Antsietatea, ezinegona, daukagun apurra galtzeko beldurra eta hipokondriaren gisako joerak ditugunontzat, astindu galanta da. Ezkortasun horrek ziniko arduragabeak bilakatzen gaituela dio: «Etorkizuna beltza bada, ez badago ezer egiterik, zertarako ahalegindu ezer aldatzen?». Bizirauteko senaren alderik ilunenak ere pizten ditu, muturreko indibidualtasuna eta jarrera kontserbadorea. Iragan oro izan zen urre.

Ez da maketatzailea edo editorea orrialdez okertu. Hau Ekografiak da, pantailetako edukiez jarduteko kritika espazioa, ez liburuak txalotu edo egurtzekoa. Futurofobia-k telebistari buruz makina bat kontu esaten dituelako ekarri dut lerrootara: garaitu beharreko etsai ilun bat irudikatzen zuten fikzioetatik —Star Wars, Indiana Jones...— gizakiaren berezko iluntasuna eta gainbehera saihetsezina erakusten dituzten fikzioetara igaro garela dio —Game of Thrones, Breaking Bad, Handmaid's Tale—; baita ezkor kronikook iluntasun hori ikusiz gozatzen dugula ere. Berdin gertatzen da distopia hori etxeko atariraino sartzen zaigunean —pandemia, Ukrainako gerra, elikagai eskasia...—. Horixe baita pesimistaren elikagairik preziatuena: (ustezko) arrazoia. «Ikusten? Mundua pikutara doa. Esan nizuen nik!».

Asebetetze edo gozamen doilor horren azken adibidea iaz boladako telesaila izan zen Squid Game-n izenpean iritsi zaigu. Distopikoa hura ere. Bigarren denboraldia izango duela jakinarazi berri dute, baina pauso bat harago joango da Netflix plataforma. Lehen denboraldiko proba bortitzak —hildakorik gabe, espero dezagun— birsortuko dituen reality show-a egingo dute. Etsipenak jotako pertsonak jolas makabro bateko pieza bihurtzen zituen telesailak, aberatsak entretenitzeko.

Errealitatean, dibertitzeko asmoz hartuko dute parte zientoka lagunek, borondatezko distopian. Gerofobiak gure eskubideen alde borrokatzeko eta kolektiboki antolatzeko ezgaitzea bada nahikoa tamalgarria, berez. Gainbeheraren protagonista izanez gozatua hartzeak gainditu egiten du, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.