Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Besteren etxean

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Alokairua ordaintzen segi edo banketxearekin ezkondu. Galdera ikurrez jositako bidegurutze horretan harrapatuta bizi da nire belaunaldia. Bietako bat bera ere ez baita ona: bere diru sarreren zati gero eta handiagoa eskainita ere, babesgabe dago alokairuan bizi dena; inflazioaren eta etxejabearen kapritxoen menpe. Berdin da ahula zientoka mila euroko hipoteka ordaintzen ari denaren posizioa. Garai aldakor hauetan, etxegabetzearen mamua atarian dago beti. Erabat ordaindu artean behintzat, besteren etxeetan bizi gara. Babesgune bezainbeste dira antsietate iturri.

Ahaztu egiten zaigu, baina antzera gabiltza sarean ere. Twitter, Instagram, Youtube edo TikTok. Bertan sortzen ditugu gure profilak, bertan aldarrikatu eta borrokatu, lagunak egin edo ligatu. Baina multinazional pribatuen esku dauden plataforma erraldoiak dira. Haietan eraikitzen duguna lastozkoa izango da beti. Pantailak Euskaraz herri mugimenduarekin gertatu dena da zorigaiztoko oroigarria. 2.500 jarraitzaile pilatu dituzte ikus-entzunezkoetan euskarak duen hutsunea salatu zein osatzeko lanetan. Baita kolpetik galdu ere. Baten batek hackeatu ostean, kontua desgaitu die —behin-behinean edo betiko— Twitterrek.

Zorionez, kanala ixteak ez du plataformak egindako lana ezabatuko. Elastikoetan, traoletan eta gero eta gehiagoren gogoan dagoen kezka da haiek ikusarazi dutena. Baina gertatu denak agerian utzi du pantailak euskaratzeko egiten ari garen borrokaren zuloetako bat. Epe motzean erabakigarria da Netflix, HBO, Amazon Prime eta abarrek euskarazko edukiak —azpitituludunak, bikoiztuak edo originalak— euren katalogoetan txertatzea. Baina ez al da, hein batean, besteren etxean alokairuan bizitzearen pareko? Ez al gara ahul eta zaurgarri?

Konponbidea ez da etxebizitzaren aferaren oso bestelakoa. Etxebizitza publikoak behar ditugun moduan, ikus-entzunezko plataforma publiko indartsuak behar ditugu. Primeran izenekoa sortuko du ETBk, doakoa eta—diotenez— euskarazko edukien atari nagusi izan nahi duena. Itxaropentsu eta mesfidati, bi moduetara egoteko motiboak badaude. Eta bestetik, etxebizitza sindikatuak dauden moduan, Pantailak Euskaraz-en gisako ekimen kolektiboek erne jarraitu beharko dute. Nola multinazionalen etxeetan, hala kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.