Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Partekatzea

2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gauza ederra da partekatzea. Edo behintzat, hori da Gabonetan gure buruari esatendioguna; nola justifikatu, bestela, hamar eguneko tarte eskasean, urte osoan apenas ikusi gabeko lehengusu horiekin elkartuko garela hiru aldiz. Mahai-buelta partekatzea, edo loteriako zenbaki bat —besteek bai eta zuk ez irabazteko beldurrak hauspotuta bada ere—, edo sagardo botila bat, lagunartean. Elkarbanatzeak, eskuzabaltasunak edo opariak aldatu ahal izateko tiketarekin, badaezpadatrukatzeak burtsan gora egiten duten garaia da urtearen amaierako hau. Xanpainaren burbuila ere dei dakioke.

Telebistak dimentsio berri bat irabazten duen urte-sasoia ere bada. Usaindun bihurtzen da. Fragantzia eta lurrin garestien iragarkiek betetzen dituzte pantailak, eta bide batez, kolpetik berpizten dituzte zinemak eta telesailek bizkar emandako aktore emakumezkoak. Berrogeitik gorako emakumeei eskaintzen zaien rol bakarra elegantzia eta zimur t´erdiko heldutasuna duen aberatsarena da. Gabonen magia izango da.

Partekatzeak eta Hollywoodeko izar itzalaraziek gure pantailetan egiten dute topo. Zehazki, streaming plataformetan. Garai batean, maitasun edo konfiantza keinu behinena etxeko giltzak ematea zen, edo eskolako ogitartekoa elkarbanatzea. Orain ordea, Telegram bidez emandako pasahitzak jartzen dio neurria laguntasunari. Noren kontuarekin ikusten dituzu Filmineko dokumental mamitsuak? Edo nori ostua da Movistar Plus-eko auskalo zein telesail ikusteko aitzakian lortutakoa? Nork ez dizu eman nahi izan, hiru aldiz eta disimulurik gabe eskatuta ere? Lagunarte berriak sortu eta familiak banatzeko modukoa da afera.

Bada, garai likidoetako gutasun berri hori lehertzeko bidean jarri du Netflixek. 2023tik aurrera —ikusgai dago zehazkinoiztik, ezin izango da konturik konpartitu libreki. Kontu bera erabiltzeko, etxebizitza berean beharko da bizi. Gainontzean, nork bere kontu propioa —nork bere kontu korrontera lotua zabaldu beharko du. Bi aukera ditugu, hala ere, hori eragozteko. Bata, estresagarriagoa: ikusi Better Call Saul, Roma, Dahmer eta pendiente ditugun beste lan guztiak aldaketa gertatu aurretik. Eta bestea: 5,49 euro hileko kostua duen kontu merkea sortzea. Hori bai, lurrin garestien iragarkiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.