Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Onar dezagun

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Telebista kritikariaknahiko pedanteak izan ohi gara batzuetan. Tira, telesailez ari garenean, beti. Eta ez telebista kritikariak bakarrik, onar ezazue. Zuek ere, lagun artean tabernan edo Twitterren telesail bat gomendatzen duzuenean, ez duzue Friends gomendatzen, baizik eta The Wire edo Breaking Bad. Edo, zergatik ez? Inork ikusi ez duen baina zoragarria den telesail norvegiar hori, emakumezko futbol entrenatzaile baten ingurukoa. Edo, e! Botere faktikoek urtebetez geldirik izan zuten eta Freddie Mercuryrena egin zuen begi-handiak ekoitzitako hori.

Nik ere gomendatu izan ditut aipatu berri ditudan horiek guztiak, baina onar dezagun: astegun buruzuri bat da, egun osoa lanean pasatu, etxera iritsi zara, afaria martxan jarri duzu, arropa garbiketa egin eta zintzilikatu, biharko tuperra prestatu eta sofara bota zara (zein tristea den nire bizia ez?). Onartu, ez duzu The Wire ikusteko gogorik. Une horretan, zeure buruari lan gehiegi emango ez dion zerbait behar duzu. Egun osoa «ni, ni, ni, ni» dabilen Ted Mosby zure indar guztiarekin gorrotatu nahi duzu, Ross neska harekin oheratu zenean Rachelekin atsedenaldi bat hartzen ari zen edo ez eztabaidatu, Big bang Theory-ko frikiak jenio izateari utzi eta artaburu talde bat nola bihurtzen diren ikusi, edo, modernoa izan nahian, gizarteko klixe guztiak biltzen dituen familia horren txorakeriekin barre egin. Lasai, ez da larria, guztiok behar ditugu halako arnasguneak. Pentsatu hobe dela halakoak ikustea T5 jartzea baino.

Telesail hutsalak ere beharrezkoak dira, eta merezi duten balioa eman beharko genieke. Hala ere, eta, telebista kritikaria naizela kontuan izanda, fitxatzeagatik edo, gaurko pedantekeria kuota beteko dut. Ordu erdiko luzera zoragarri eta erraz horren bueltan dabiltzan telesail sorta bat gomendatu nahi nizueke. Hasteko, azkenaldian barre algara gehien sortu dizkidaten telesailak: Fleabag eta Derry Girls. Bietan emakumeak daude zentroan, eta eskertzekoa da beste ikuspegi batez gozatu ahal izatea. Umorez, gainera! Bigarrenik, komedia eta drama bikain uztartzen dituen beste bat: End Of The Fuckin World. Eta amaitzeko, marrazki bizidunak: Rick & Morty. Benetan, umore makarra maite baduzu, hori da zure telesaila. Eta lasai, tarteka jarraitu Friends-eko atalak zortzigarren aldiz ikusten, ez da larria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.