Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Anelkarenak

2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Apenas dagoen gizonezkoen futbolik telebistan. Liga(k) ostiraletik astelehenera, Espainiako Kopa, Europako Liga eta Txapeldunen Liga astean zehar. A, eta aurten, baita Conference Liga ere. Udan, aldiz, Munduko Kopa, Eurokopa, Amerikako Kopa. Edo Olinpiar Jokoak, tokatzen bada. Apenas, bistan denez. Zergatik ez ditugu streaming plataformak ere futbolzaleentzako edukiz betetzen? Ez dut frogatzerik, baina apustu egingo nuke: munduko txoko ezkuturen bat bilatu, luxuzko hotel batean bildu eta horixe adostu dutela, gin-tonik garesti artean, han-hemengo plataformetako eta ekoiztetxeetako zuzendariek. Hala behar du, ez baita ulertzerik bestela futbolarien bizipenak erakusten dituzten dokumentalen olde ekidinezin hau zerk ekarri duen. Bigarren B mailan hiru denboraldi egin zituen osaba bat duzu? Begira ezazu ondo, oraindik ez badakizu ere, oso litekeena da haren gaineko dokumental bat izatea nonbait.

Genero propiotzat jo daiteke, dagoeneko. Behinola mundu mailako izarrak izan ziren jokalarien bueltako filmak egitea litzateke ulertzekoena —The last dance lanak Michael Jordanekin egiten duen bezala—, baina futbolaren sukarrak muturreraino bihurritu du kontzeptua. Molde askotarikoak daude, aktibo dagoen jokalariaren erabaki jakin bat erakusten dutenetatik hasi eta talde baten bilakaera—ustez epikoa— jasotzen dutenetaraino. Ez dago azken urteotako jokalari edo entrenatzaile ezagunik bere dokumentalik gabe. Pentsa, Huesca taldeak ere badu.

Egitura bertsua dute denek, baita, oro har, protagonistaren onarpen esplizitua ere. Kasurik onenean, marka pertsonala indartzeko baliabidea dira; makurrenetan, nork bere burua zuritzeko, neurrira egindako bozgorailua. Denetan liluragarriena—ni ere erori naiz oldearen lokatzetara— Anelkarena da. Real Madril eta Chelsearen gisako taldeetan aritu zen aurrelariaren irudia hobetzeko lana da, eta hala ere, kontrako efektua lortzen du: ahoa irekitzen duen aldiro, are pertsona handiuste eta azalekoagoa dirudi.

Hori da joera berri horren interesgune nagusia: auzo lotsa eragiteraino tarteka, bitxia dela nor bere bizitzaren kontakizun nahikoa sakon eta epiko bat eratzeko lanetan ikustea. Benetan fin batzuk, nahi baino dorpeago gehienak. Autobiografietan baino zailagoa da, telebistan, nork bere hitzak dotoretzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.