Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Goñi II.a

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ohiturak —onak zein txarrak— apurtzeko daude. Horren zain. Pentsatu eta erabaki beharretik salbuesten gaituzte, baina trukean, errepikapenak soilik justifikatzen dituen errutina zentzugabea bihur daitezke. Ni, esaterako, ahalegindu ohi naiz telebistako saio bat modu jarraitu samarrean ez aipatzen. Gaurkoak, ordea, salbuespena merezi du. Abiapuntua saioaren bigarren atala izan da amaitzear den aste honetakoa. Oraindik ikusi duenik ez bada, azalduko diot kontzeptua: sei gazte ari dira, saioz saio, beren kontraesanak kolokan jarriko dituzten pertsonak ezagutzen.

Bigarren atalean, bazterketa egoeran daudenekin egin dute solasaldia: kalean bizi direnekin, kartzelan daudenekin edo janari bila jantoki sozialetara jotzen dutenekin.

Ariketak jarraitzen du interesgarria izaten, diskurtso handi eta tragikoak baino eraginkorragoa baita gordintasun hori gazte «arruntago» batzuen begietatik ikustea. Gehiago edo gutxiago, gehienok jokatzen dugu nolabaiteko apatiaz kale-bazterrean dauden horiekin. Hori bai, kontrastea nahikoa sendoa eta nabarmena izan dadin, euskal gazteriaren batezbestekoa baino zuriago eta aratzagoa den gazte multzoa hautatu behar izan dute.

Saioa berriro hizpide hartzera eraman nauena elkarrizketatu duten kide jakin bat da, ordea, eta ez edonor. Gauza jakina da Mikel Goñi pilotari ohia kartzelan izan dela azken urteotan, eta hirugarren graduan atera berritan, bere lehen berragerpen telebisiboa egin du Abiapuntua saioan. Horri esker dakigu kartzelako egonalditik osorik atera dela, ez duela galdu kirolerako eta solaserako grina eta gaitasuna.

Pozgarria iruditu zaidana beste hau da, ordea: bere bizipenak konpartitzeko prest dago oraindik, eta, beraz, bere ibilbidea ulertzeko aukera ez dago itxita erabat. Titular, lagunarteko solasaldi eta telebista tertulia asko bete ditu Goñik. Hark baino ez daki zenbateraino izan den zamatsua pertsonaia horrekin eta besteok botatako su guztiarekin elkarbizitzea. Baina arakatzeko dagoena ez da soilik Goñiren bizitza. Haren joan-etorrien erretratua egitea (anti)heroi gatazkatsu horren figura hanpatu zuen industriari eta espektakuluaz gozatu zuen gizarteari begira jartzeko modua ere bada. Mikel epaitu zuten, baina beste den-denak, osorik eta garbi atera gara hartatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.