Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Ta bihar, zer?'

2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Tren bidaia batean harrapatu nau zutabe honen idazketak. Trenean, eta liburu baten konpainia estimagarria dudala. Album du izena, eta Formol taldearen antzezlana du oinarri. Hori bai, ez dira obraren gidoia papereratzera mugatu: belaunaldikide zenbaiten testuak eta material osagarria ere pilatu dituzte. Hala nola, manifetarako aldarri zalantzatien zerrenda zoragarria: «Zerbait esateko esan digute» «Bai, ez, a-gi-an!» edo «nire bizitza(re)kin, ez dakit zer egin». Hitzaurrean bertan, azpimarratzekoa den beste esaldi bat ere badago, denoi aplikagarria dena; «Asko hitz egiten da gazteez, baina gazteek gutxi hitz egiten dute».

Lelo horien oihartzuna kaskoan dudala atera dut ordenagailua,ETB1en saio berria den Ta bihar zer? saioa ikusi nahian. Leire Palaciosek aurkezten du, eta aurrez Munduko Plazan saioa ondutako lantalde bertsua du atzean. Begira Produkzioak ekoiztetxea eta Ane Rotaetxe zuzendaria. Antzematen da jarraipen hori: grafismo eta kolore hautaketa zainduak zein ondo orekatutako erritmo narratiboa ditu. Itxuran eta mamian, bi zentzuetan da ETBk egindako saio txalogarrien zakuan sartzeko modukoa. Lehen bi herenetan sexuari leku oso desberdinetatik begiratzen dioten hiru lagunen kontakizunak tartekatu dituzte: adineko emakume batena, zakila duen emakume batena eta helduaroan harreman homosexualak izaten hasi den gizonezkoarena. Adituak alboratuta, beren bizipenak autentikotasunez kontatzeko prest dauden lagunengana jo dute. Haien aitorpen naturalek gidatzen dute saioa.

Azken laurdenean, banan-banako solasaldiak lau gazterekin osatutako mahai-inguruak ordezkatzen ditu. Ligatzeko aplikazioekin edo sexu jostailuekin duten eskarmentuaz jarri ditu hizketan Palaciosek, dozena bat gai ukitzeko bidea zabalduz: monogamia, harreman irekiak, pornografiaren papera sexu heziketan...Gai jakingarriak eta sakontzeko modukoak dira denak, baina azaletik landu dituztenak, lau gazteetako bakoitzaren barrenak ezagutzeko aukerarik eman gabe. Esateko gehiago dutela antzematen zaie. Konparazio baterako, lehen hiru elkarrizketatuek berrogei bat minutu dituzte; eta lau laguneko mahai-inguruak hamabost minutu hartzen ditu soilik. Hor dago, beharbada, saioaren herren bakarra: «Gazteek gutxi(egi) hitz egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.