andoni egana
HITZ ETZANAK

Tokitan

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gasolina eta diesel motorrak dituzten autoen salmenta 2040rako eteteko asmoa du Espainiak», irakurtzean bi norabide har ditzake gogoak. Garraioa karbonogabetzeak ingurugiroari egin diezaiokeen mesedea eta data zehatza aipatu izanak Espainiako Gobernua zenbateraino lotzen duen etorriko zaio burura norbaiti. Bazela garaia pentsatuko du, eta saiatuko da aldaketa hori urratsez urrats nola egingo den jakiten, inguruko herrialdeetan zein politika abiatu dituzten ikasi nahi izango du...

Beste hainbati, gogora datorkion lehena izango da: «2040. urtea! Non egongo ote naiz ni?». Edo lakarragoa ere izan daiteke gogoeta: «2040! Ez daukat nik harrapaturik!». Adina ez baita muga gertuago ikusten hastea baino. Eta izango zara konprometitua inguruarekiko eta axola izango dizu munduaren iraganak orainak beste ia-ia. Baina ia-ia. Neurgailu zerorri izaten hasten zara urteak bete ahala.

Duela hamar-hamaika urte hala esan zidan aitona Realzale batek: «Aurten Realari bigarren mailara jaitsiko den itxura osoa hartzen zioat. Eta txarrena ba al dakik zer den? Ez dakidala berriz igotzen ezagutuko dudan!». Ez zen, jakina, nagusiki Realaz ari, zalea izango zen, baina. Gure belaunaldikoak, nagusiki, gasolina eta diesel autoez ari ez garen bezalatsu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.