gorka julio
IRLEN SAREA

Simplon eta Factoria F5

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Simplon.co eredua Montreuilen jaio zen. Bere helburua programazioa denon eskura jartzea da, formazio eredu zehatz bat eta eskola sare bat baliatuz horretarako. Zahurgarritasun handia duten kolektiboei zuzenduta dago, eta genero parekidetasuna ere bilatzen du.

Zenbait kolektibori arreta berezia jartzen diete: laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonak, titulu akademiko gutxi edo ez dituztenak, zonalde pobretu edo isolatuetan bizi direnak, desgaitasunen bat duten pertsonak edota langabezian denbora luzez daramaten adindun jendea.

Eten digitala txikitzeko asmoz, ereduak aktore sozial, ekonomiko eta mundu digitaleko aktoreekin elkarlanean, integrazioa, kohesioa eta berrikuntza soziala sutatzen duten proiektuak eramaten ditu aurrera.

Emaitza, hiru urtean, baliabide gutxiko 1.020 pertsonek jaso dute formazioa eta lan munduan txertatzen ari dira. Aldi berean, 22.300 haurrek eta gaztek parte hartu dute IKT tailerretan. Gainera, programazioaren ikaskuntza sustatzeko, Code Week Europe eta Code Hour proiektuetan parte hartu izan dute. Web produkzio solidarioa ere egiten dute, zenbait kolektibori webguneak egiten lagunduz.

Eredu horiek programazioa eta oro har teknologia gai aurreratuak edonork ikasi ditzakeela frogatzen dute — jende askok uste duenaren kontra—. Jakintza horiek eskuratzeko eredu azkarrak dira, baina dirutza kostatzen dute normalean. Baliabideen muga kenduz, aldiz, gogoak eta denbora dituen pertsonak —1.000 ordu inguru— lor ditzake lanean aritzeko gaitasun minimoak.

Katalunian ere hasi dira oinarri antzekoak dituen Factoria F5 proiektua garatzen. Hiru ardatzetan dago oinarritua. Inklusiboa: formazio, lan eta bizi aukera berriak irekitzean, okerren dauden sektoreak helburu izanik; solidarioa: herritarren heziketa digitalean lagunduz eta ekonomia sozialetik eraldaketa digitalean lagunduz; eraldatzailea: baliabide berritzaile horiek eraldaketa sozialera bideratuz eta erreplikagarria den eredu bat eskainiz jendarteari.

Gure fakultate eta lanbide heziketan jakintza hauek badituzte, baina jende gehiago beharko dugu. Ederra litzateke integrazioa eta teknologiaren erabilera sozial benetako bat bilatzen duen horrelako proiekturik gurean ere ernatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.