IRLEN SAREA

Elefante bat svastikarekin

Gorka Julio -

2019ko urtarrilak 19
Ultra eskuinak komunikazio estrategia efektiboak martxan jarri dituen bitartean, horren kontra beldurra edota utzikeria dira nagusi. Baina nola egin aurre? Lotura arinek, sare sozial irekietan egiten diren gehienak —Twitterren eta Instagramen, adibidez— mezuak gure ohiko taldeetatik harago komunikatzeko balio dute. Harreman eta komunikazio mota horrek mezuen hedapena bilatzen du eta errepikapenaren bidez —aldeko eta kontrako atxikimenduak baliatuz—, gure antzekoak diren jendea erakartzea helburu dute. Mark S. Granovetterrek The Strength of Weak Ties artikuluan argi utzi zuen lotura horiek gure jendartea josteko dauzkaten garrantzia —oraingo sareen bidez biderkatu egin da—.

Bestetik, lotura sendoek, gure gertukoenekin eraikitzen ditugun horietatik, eragin/influentzia handiagoa jasotzen dugu. Nicholas A. Christakisek eta James H. Fowlerrek Connected liburuan diote: gure lagunen, lagunen lagunei ere —hiru gradutara, beraz— eragiteko gaitasuna dugu. Hori lortzeko, gertuagoko komunikazio etengabeko bat beharrezko izan ohi da —Whatsappen/Telegramen ematen dena, adibidez—.

Bien arteko konbinazioaren bidez, lotura arinak mobilizatuz jendea erakarriz eta lotura sendoak eraikiz hauek finkatuz, lortzen da eragin gehien. Horiei mezu segmentatuak bidali eta publiko zehatzei bideratzeko gaitasuna lotuz gero, akabo; Goebbelsek ere amestu ere ezingo lukeen propaganda makina perfektua dugu.

Eskuina gure grinak eta beldurrak aktibatzen dituzten mezuak erabiltzen ari da jendearengan eragiteko. Horren aurrean, ezeztatze soilak ez du balio, baina beharrezkoa da bereziki lotura sendoen artean. Whatsapp/Telegram taldeetan, lagun artean, familian, mezu horiei aurre egitea inoiz baino beharrezkoagoa da.

Aldiz, lotura arinen bidez komunikatzen garen esparruetan, sare sozialetan bereziki, beste era batera jokatu beharko genuke: ezeztatze berak, George Lakoff-ek Don't Think of an Elephant liburuan aipatu bezala, markoa onartzea litzateke. Eta, beraz, kontrako efektua lor genezakeelako.

Nire iritziz, erreferentziarik ez oparitzea, umorearekin jokatzea, espazio propioak eraikitzea eta gure proposamenak hedatzea garrantzitsuagoa izan daiteke.