Amets Arzallus. Bertsolaria

«Zutik zaudenean bezainbat jokatzen da eserita zaudenean»

BECen eserialdiak ez direla «batere errazak» izaten dio Amets Arzallusek, ez ariketa gaizki atera ondokoak, ez ongi atera ondokoak, onespenak berak ere erlaxatzea ekar baitiezaioke bertsolariari
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Miren Garate

2017ko abenduak 16
Orain arte kantatu ez duenez, egon daiteke Amets Arzallus (Hendaia, Lapurdi, 1983) finalera nola helduko den zalantza. Ahalik eta ondoen iristeko egin dezakeena «eginda» datorrela dio, «poztasun horrekin». Nabarmendu du bertsoari funtzio politiko-sozial bat ikusten diolako dela bertsolari. Horregatik, gaiak edozein rol emanda ere, ahalegintzen da rol hori jokatuz bere urratua edo pentsamenduaren parte bat uzten. «Bestela, imitatzaile hutsak izango ginateke, eta imitazioa ez da bereziki nire motibazioa».

Zuretzat bihar, baina hasi, irailaren 23an hasi zen txapelketa. Ertzak, ikuspegi berriak, helduleku lurtarrak… Horiek izan dira asko aipatu diren kontuetako batzuk. Zeuk zer nabarmenduko zenuke?

Hari horiek badatozkit niri ere. Gaiei heltzeko moduak aski lurtarrak izan dira, baina igual gaiek ere behartzen zuten horretara bertsolaria, nahiko prosaikoak izan direlako. Epika erraz gutxiago egon da, eta horrek beste korapilo batzuetara bideratzen edo behartzen du bertsolaria, errazkeria batzuk kentzera. Komunikazio aldetik zailtasun batzuk ekar ditzake horrek, eta saio batzuk altxatzeko komeriak ere ekarri ditu, baina interesgarriak ere izan daitezke bide horiek.

Txapelketako joerak horiek izan dira. Bertso ibilbidean, bide horietan zabiltza zu ere?

Belaunaldi gazteek diskurtso berriak dakartzate; politika ere, nik uste, Euskal Herrian askoz modu lerrokatuagoan ulertzen eta praktikatzen zen lehen. Lehen makrogatazka batek markatzen zuen espazio bat; orain, egunerokotasuneko gatazkek betetzen dute gehiago, eta gatazka interesgarriak dira, nahiz eta, konpondu gabeko korapiloa izanik, pixka bat kezkagarria ere iruditzen zaidan makrogatazka hura ia batere ez agertzea. Hor badago noraez puntu bat, alor politikoan lehengo sinesmenak zalantzan jarri dituena hain modu lerrokatuan behintzat, eta horrek beste galdera batzuk eta egiteko modu batzuk zabaldu ditu. Hori dena nabaritzen da gure gaien eta bertsoen saltsa horretan. Eta ni neure garaian kokatzen naiz. Gero, zaila egiten zait aurrez pentsatutako intentzioez hitz egitea; baditut neure motibazioak alde estetikotik eta etikotik, baina ni azkenean orri txuri batekin noa, zer kantatuko dudan jakin gabe.

BERRIAko beste elkarrizketa batean esan zenuen norbere ahalegina izaten dela gaiak jartzen zaituen kokaleku horretan ahalik eta gehien bihurritzea, zuk pentsatzen duzuna bertsoaren bidez transmititzeko. Hau da, gaia edozein izanda ere, ahal den heinean zeuk pentsatzen duzuna esatea duzu helburu?

Nire ustez, bertsotan egiteko modu onena ez da rol hori ahalik eta modu onenean eta sinesgarrienean antzeztea; bestela, imitatzaile hutsak izango ginateke, eta imitazioa ez da bereziki nire motibazioa. Imitazio horretan egon litekeen zure urratua, pentsamenduaren partea, salaketa eta aldarrikapena lerratzea bertsoaren bidez... hori da jokoa. Ezin duzu maskara erantzi eta ondoan pausatu, modu garden eta gordinean agertu; rola jokatu egin behar da, hau da, pertsonaiak esan nahiko lukeenaren eta nik esan nahi dudanaren arteko tratua egin behar da, eta, erdibide horretan, zure mezuaren parte bat behintzat sartzen saiatu behar duzu, rol hori jokatuz. Gai batzuk oso gertu egon daitezke, eta ia maskara gabe kantatu zenezake, eta beste batzuetan akrobaziak egin behar izaten dira.

Finalaurrekoen azken fasean ez, baina bestela, zortziko handian, egoera eman zaie bertsolariei, eta haiek erabaki dute zer jarrera hartu. Bertsoaldirik motelenak ez al dira ariketa horretan izan?

Ariketa horrela planteatzeren arriskua da, bien bideak oso paraleloak badira, sei bertso bota baino askoz lehenago bukatzea gaia. Gu ere jabetzen gara horretaz, eta saiatzen gara beste karta batzuk ateratzen, galderaren bat planteatuz-edo, eta horrek eman izan ditu ariketa onak, baina batzuetan oso fortzatua da hori ere; norberarentzat ere ez da hain sinesgarria izaten. Bestalde, logikoa ere bada zortziko handia izatea motelena: kontserbadoreen hor egoten da bertsolaria, arrisku gutxien hor hartzen du, nahi izaten baitu oinarri on samar bat jarriz hasi saioa. Gaizki hastea pisu oso astuna izan daiteke saio osorako. Puntuari erantzuteko ariketak ere badu hori: askotan, jarrera gehiago izaten da eustekoa, haustekoa baino. Niretzat ariketa politenetakoa da, bat-batekoena, eta ondo ateratakoan poz handienetakoa ematen duena.

Puntuak erantzuten ez dira bereziki nabarmendu bertsolariak aurten. Egokitutako gaian desorekarik handienak ere ez al dira egoten ariketa horretan?

Datorkizun puntuaren pisua oso garrantzitsua da zuk eman beharreko erantzunean, baina gai-jartzaileek, finalean, zortzi gai ekarri behar dituzte ariketa horretan, eta hiru puntu jarri bakoitzean. Ezinezkoa da orekatuak izatea. Horrez gain, arriskua egoten da bertsolariak erantzun batean hurrengo puntua erdi erretzeko, eta horrek lehenaz gain are karga handiagoa ken dakioke puntuari.

Zailena zein ariketa egiten zaizu zeuri?

Ematen du zortziko txiki bat egitea oso erraza dela, baina nik ariketa zaila kontsideratzen dut. Badirudi derrigortuta zaudela plaza barrez jartzera, eta hori ez da batere erraza.

Nahi duzuna esateko aukera gehien bakarkakoek ematen dute akaso. Ikusi da bertsolariek lanketa handiak dituztela eginda gai batzuen gainean.

Nik ere baditut gustura kantatuko nituzkeen gaiak; pixka bat jarraitu izan nauenak badaki zein diren nire arrastoak, eta ez naiz nire arrastoz kanpo ibili beharrean sentitzen. Uste dut hor badaudela oraindik bideak sakonago sartzeko. Beti esan dut bertsotan nabilela bertsoari ikusten diodalako funtzio politiko-sozial bat. Bertsoak zuzenean ideien munduarekin konektatzen zaitu, joko estilistikoetan bakarrik ibili gabe, eta ideien mundu horrek bizi zaren inguru hurbilaz eta urrunagokoaz pentsatzeko aitzakia ematen dizu. Modu oso handi batean esanda, baina bere xumetasun eta eragin txikian ulertuta, zure inguruko mundutxoa transformatzeko tresna gisa ulertzen dut nik bertsoa, eztarrian dudan arma gisa, eta, ez banu hala sentituko, ez nuke bertsotarako motibaziorik izango.

Igartzen da ideien mundu horretan aise ibiltzen zarela. Deserosoago sentitzen zara zeure bizitza pertsonaletik hurbil dauden gaiei kantatzerakoan?

Bai, nire bizitza intimoko pasarteetatik hurbil dauden gai eta tratamenduetan, agerpenaren eta antzezpenaren arteko espazio horretan, ez naiz bereziki eroso sentitzen. Ez dut harro esaten, gabezia bat kontsideratzen dut, ze hor ere badago noski zer kantatua eta zertaz pentsatua. Aurreko finalean tokatu zitzaidan halako gai bat, eta izugarri sufritu nuen.

Publikoak zuri buruz duen lehen irudia izango da 16 urterekin Nafarroako txapela irabazi zenuenekoa. Orduan ere, txapel eskaintzan, eutsi zenion egoerari. Zeure buruaren gaineko kontrol hori nola lantzen da?

Hautsi izan naiz barrutik, edo haustear egon, baina disimulatzeko bideak ikasten dituzu, eta normalean egoerarik onenak eta konplikatuenak nahiko hotz kanalizatzea lortzen dut. Bertsotan hain umetatik jende aurrean aritu izanak ere izango du zerikusia: lotsa zer zen jakiterako azala eginda genuen. Ez dut lanketa psikologikorik egiten egoerari eusteko; gertatutakoetatik ikasiz joaten zara, eta ikasitako horiei bueltak ematetik.

Autokontrol hori ezinbestekoa izango da txapelketan, ezta?

Bai, eta finalerdietako bigarren itzulian ikusi da ez dela batere erraza kontrol hori. Finalean ere, bertsotan ondo egiteko, zutik zaudenean bezainbat jokatzen da eserita zaudenean. Mikrofonotiko buelta ez da batere erraza izaten batzuetan, eta, zortzi izanda, denbora asko egoten da berriz kantatu artean zeure burua txikitzeko. Gerra psikologiko asko jokatzen dira eserita zaudenean. Hori lantzeko modurik badagoen ez dakit; nik, izatekotan, memoria eginez egiten dut. Aurreko txapelketetako gorabeherak badakizkit. Badakit zer den orain dela lau urteko finalean, goizean bereziki, esertzea, eta gutxi gorabehera onestea egin duzun lana. Eta onespen horrek ez du gehiago laguntzen, ze erlaxazio puntu batera eraman zaitzake; batzuetan zeure burua txikitzeak energia handiagoa ematen dizu hurrengo ariketarako.

Gainerakoan, nola prestatu duzu txapelketa?

Nahiko bakartia naiz nire prestakuntzarekin. Nire irakurketak egiten ditut, irakurketa horien gaineko gogoetak, idatzi, zirriborroak-eta egin. Txapelketa niretzat da bizitzako garai jakin bat ahalik eta ondoen pasatzeko aitzakia, eta nik urte hau nire baitan ondo pasatzea lortu dut. Badakit finalera ahalik eta ondoen iristeko egin nezakeena egin dudala, eta horrek ematen dit kristoren poztasuna. Finaleko emaitzak baino gehiago balio dit.

Publikoak batzuetan izaten du berriaren alde edo galtzailearen alde lerratzeko joera. Zuk sumatu duzu aurten halakorik?

Oraindik ez naiz publiko aurrean jarri; beraz, ez dakit, baina ulergarria egiten zait jendearen psikologian hori egotea ere. Uste dut berrizaletasuna gauza humano bat dela. Proportzioz kanpokoa dela iruditzen bazait, pixka bat sufrituko dut, baina proportzionala den neurrian, uste dut ondo eramango dudala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna