Angel Aintziburu

Luzaideren kronikaria

88 urte zituen idazle, kazetari eta ohorezko euskaltzainak, eta atzo jakin zen haren heriotzaren berri. Erretiroa hartua zuenetik, sorterriko etxeen historiari buruzko ikerketa egiten ari zen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko martxoak 7
Angel Aintziburu eruditoa zen herri jakiturian. Menditarra eta mugaldeko biztanle petoa zen, bere ibilerei buruz 2011n Argia aldizkariko elkarrizketa batean argi utzi zuenez: «Aunitz gisatara jokatu naiz: ardiekin, behiekin... Eta oihanean zura erosi eta saldu egiten nuen. Aizkorarekin eta trenka-segarekin zuhaitzak botatzen ere ibilia naiz. Kontrabandoan ere bai, dudarik gabe. Hemen kontrabandoa ezinbestekoa zen. (...) Denetarik pasatzen genuen». Luzaideko (Nafarroa) Buruxuri etxean jaio zen, 1930ean, eta, berehala, 36ko gerrako urteak ezagutu zituen; segidan, II. Mundu Gerrakoak. Eta emigrazioa ere bai: hiru anaia eta arreba bat joan zitzaizkion Ameriketara. Berak ez joatea erabaki zuen, herritik kanpo gehiegi sufrituko zuelakoan. Herria maite zuelako oroz gain, bere arlo guztietan: beti izan zuen afizioa dantzarako —harrotasunez gogoratu ohi zuen 15 urterekin hasi zela bolantak dantzatzen—, pilotarako, bertsoetarako, kantuetarako, pasadizo bitxietarako eta beste gauza askotarako. Afiziook elikatu egin zituen aukera izan zuen guztietan, gainera. Baita afizio bera zutenen artean zabaldu ere. Garaztarrak dantza taldekoek 1980ko hamarkadan egin zituzten ikerketetarako lekukotasunak eman zituen, adibidez. Garai hartan egin zuen haren ezagutza Antton Luku antzerkilari eta kulturgileak. Euskal Kultur Erakundeko Terexa Lekunberrik piztutako grabagailuaren aurrean ere luze hitz egin zuen bere biziaz. Eta bildutako kantuak herriko eskolan erakusten aritu zen haurrei.

Irulegi, Irati eta Euskalerria irratietan zein Herria aldizkarian kolaboratzaile aritu zen. Urteetan bildutako kontakizunak-eta hartu ohi zituen hizpide. Irati Irratian, ohikoa zuen saioa bertso edo abesti ezezagunen batekin bukatzea. Burua bertsoen, kantuen eta herri memoriaren ertz askoren gordailu zuelako.

Erretreta osteko lanak

Kamioizale aritu zen erretreta hartu aurreko azken urteetan. Gero etorri ziren ikerketa urteak, artxiboetako agiri eta liburu zahar arteko orduak. Ahoz aho jasotako memoriari —Ezkabako (Iruñea) espetxetik ihes egindako bi preso Luzaidetik pasatu zireneko bere kontakizuna ere beste askoren memorian iltzatuta utzi du— irakaspen berriak erantsi zizkion. Hala, herriko jakintza eta hizkuntza biltzen zituen bere memoria osatu zuen. Bi lanetan bildu ditu bereziki sorterriko eta inguruetako historiari, ohiturei eta jendeari buruzko jakituria: Luzaiden gaindi I (Elkar, 2002) eta Luzaiden gaindi II (Elkar, 2009). Jean-Baptiste Etxarrenekin batera idatzi zuen lehena, bakarka bigarrena. Idazteko makina zaharrean beti.

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2014an, hizkuntzaren alde egindako lanagatik. «Nik egiten nuen lana ez zen Euskaltzaindiak estimatzeko adina, baina estimatu nuen anitz izendapena», zioen 2015ean emandako elkarrizketa batean. Euskaltzaindiak eman zuen atzo Aintzibururen heriotzaren berri. Luzaideko herriko etxeen inguruko historiari buruzko datuak biltzen eman zituen azken urteak. Baita bere etxearena ere: «Ene familiaren etxea Buruxuri zen, egungo etxetik airezko bidean kilometro batera dago. Oso aspaldikoa da. (...) 1530ean, Karlos V.ak Espainiaren eta Frantziaren arteko muga marraztu zuenean, etxea Espainiako aldean geratu zen, eta bordak, Frantziako lurretan». Luzaideko kronikariak muga horren absurdoa nabarmendu zuen hil arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna