IRLEN SAREA

Administrazioaren digitalizazioa

gorka julio
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Administrazioarekin harremanak gero eta telematikoagoak izatea helburu duen gobernu batek egin beharreko lehen gauza hauek erraztea dela esatea Pernandoren egia da. Baina instituzio gehienetan ez da erraza adibide onik aurkitzea.

Administrazio eta enpresen arteko harremanetan, fakturazioa eta zenbait diru laguntzetaraaurkezteko ia bide bakarra da telematikoa. Behartuta dagoen bide bat izaki espero da, bide hori erraza eta unibertsala izatea, baina ez da horrela.

Noski horren kontra, esan daiteke milaka direla, beren fakturak eta diru laguntzetarako eskariak telematikoki egiten dituzten enpresak eta arrazoi izango lukete; hori bai, askorentzat Asterixen eta Obelixen hamabi probak baino gogorragoa den bide bat zeharkatu behar izaten dute. Arazoak askotakoak dira, eta garrantzitsuenak teknologia zaharkitua erabiltzea, zertifikatu digitalekin arazoak, teknologiarekiko neutraltasun irizpide falta...

Teknologia zaharkituen atalean, eskatzen diren zenbait gehigarri edo eduki beharreko softwarea gaur egun eskatzeak ez dut uste zilegi denik. Berdin nabigatzaileen kasuan, zenbait nabigatzaileetara egokitutako produktuak topa ditzakegu oraindik gure administrazioan, beste batzuk erabiltzeko zailtasun handiekin. Nabigatzaileekin arazoak badaude, zer esan Windows ez den sistema eragile bat erabili nahi dutenekin. Hor are zailagoa izaten da zenbait tramite egin ahal izatea; ezinezkoa ez denean.

Hala ere, bada guztiak bateratzeko balio dezakeen adibide bat: Izenpe. «Izenpe erabili ahal izateko ondo konfiguratutako Windows makina hori», famatua da euskal enpresa askotan. Zertifikatu honi lotutako akatsak eta kexak etengabekoak dira, zertifikazio hori albo batera utzi eta askok hegoaldean Espainiako Moneda y timbre-k emititutakoa erabiltzera ekin diolarik; euskal funtzionario askok, horixe gomendatzera pasa da, gainera.

Estoniako administrazio digitalaren adibidea jartzen dituzte maiz eredu moduan, hemen oinarrizko ariketa sinpleenak ere gauzatzeko zailtasun izugarriak ditugunean. Nola pentsa dezakegu administrazio gero eta digitalizatuago batean burokrazia murriztea helburu duten sistemek, zailtasuna gehigarriak jartzen dituztenean? Lanean ariko dira, intentzio onarekin seguru, baina ez da nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.