EKOGRAFIAK

Zenbat diru duzu zuk?

Lander Arretxea -

2018ko abenduak 13
Gutxi hitz egiten dugu diruaz. Deserosoa omen da, edukazio txarrekoa, itsusia. Afera pertsonala, etxe barruan kudeatu beharrekoa. Gure egunerokoan duen pisua zenbatekoa den kontuan hartuta, gutxi ez, gutxiegi. Zutabeak idazteak ere ez du inor aterako pobreziatik. Baten batek pentsa lezake kanpo-sponsorren bila hasi naizela, topatu ere topatu dudala bakarren bat, eta horregatik aipatuko dudala hirugarrenez —eta zin dagit, azkenekoz— La Resistencia saioa hemen. Baina ez; eskainiz gero bi aldiz pentsatu beharko banu ere, nire hurrengo alokairua ez du, oraingoz, Movistarrek ordainduko.

Maiz aurpegiratu dioten gisan, diruari buruzkoa da David Broncanoren elkarrizketa aurreikusezinetan jakintzat eman daitekeen galdera bakarra; behin ere huts egiten ez duena: «Zenbat diru duzu zuk?». Gonbidatu batzuek itaunari izkin egiteko modu ez-originalegiak bilatzen dituzte; beste batzuek jabetzekin lotutako datu anbiguo samarren bat aipatzen dute; eta bakarren batek, itzulinguru parearen ondoren, egiazko datua izan daitekeena ematen du. Kasu denetan da begi-bistakoa gonbidatuaren deserosotasuna; aitorpenak erabat biluziko dituen sentsazioa. Susmoa dut, ordea, deserosotasuna puztu egiten dela poltsikoko kopuruaren tamaina handitu ahala. Dagokiena baino gehiago dutela uste dutenei eragiten diela, batez ere, beldurra eta kezka. Ez baitut nik konplexu handirik kontuan 600 euro eskas eta kooperatiba batean 5.000 euro besterik ez dudala aitortzeko.

Ariketa Euskal Herriko telebistetara ekartzeko modukoa da; Gure Kasa saiora, esaterako. Hartara jakingo genuke zenbat diru (eta jabetza) duen Imanol Agirretxek; zenbat Kattalin Minerrek; zenbat Andoni Ortuzarrek; zenbat Koldo Almandozek; zenbat Ane Irazabalek; zenbat Maider Undak; zenbat Jose Luis Kortak; zenbat Izaro Andresek. Nago horren berri izateak irauliko lituzkeela zenbait aurreiritzi; azalduko lituzkeela makina bat erabaki; salatuko lituzkeela bestela itzalpean geratzen diren kultur politiken —eta bestelakoen— ondorio desorekatuak. Kultur industriako prekarioenak maiz sortzaileak diren herri honetan, oso bestelakoa baita argazkia diruari begiratzen zaionean. Gutxi hitz egiten dugu diruaz. Horrek mesede nori egiten dion kontuan hartuta, gutxi ez, gutxiegi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna