EKOGRAFIAK

Hutsunea fikzioan dago

Miren Manias -

2019ko maiatzak 3
Aspaldi utzi nion zuzeneko telebista programazioa ikusteari. Eta, dirudienez, ETB1 kateari dagokionez ez naiz askorik galtzen ari. «Hobe horrela», esan zidan joan den astean Eskoziara bisitan etorri zen lagun euskaldunak. Baina Autentikoak estreinatu berri dute, eta telebistako kritikari gisa jakin-mina dago. Ekografiak zutabean hizpide izan du Lander Arretxeak, eta Nahieran-en ikusi dut. Arretxearen arabera, Mikel Pagadik eta Fermin Etxegoienek aurkeztutako saioak formatu «desberdina» dauka; «ez duena herriz herri istorio bila ari den aurpegi ezagun bat oinarri», hain zuzen ere. Baina «han eta hemen arrakastatsua den late-show formatua» da. Beraz, zer du autentikorik ETB1eko saioak?

Hasteko, euskaraz ekoizten dutela. Horrez gain, autentikorik gutxi du ETB1eko programak. Arretxearen ustez, «autentikotasuna ez du formatuak ematen, aurkezle, gonbidatu eta kolaboratzaileen naturaltasunak baizik». Bai, egia da hori, eta bat nator hark idatzitako honekin: «Goizegi da epai borobiletan hasteko, baina antzeman diot interesgarria izan daitekeen joera bat: zuzentasun politikoari izkin egiten diote bi aurkezle «zakil-zaharrek» —besteak beste, Espainiako umorista modakoenen gisara, porno mainstream-aren lengoaia erabiliz—. Beraz, ez da berritzailea. Areago, ideia nagusia ez da euskaratik sortua.

Ez dakit Autentikoak nahikoa arrakasta izan duen ala ez; mezu dezente irakurri nituen sare sozialetan, baina kontuan hartuta astean behin emitituko dutela bakarrik, arrisku asko ditu. Ez, ordea, «Broncano, Berto, Ignatius eta abarren umoreak konkistatutako terrenoa lehiatu nahi bada», audientzia fidelizatzea inoiz baino zailagoa baita —zer esanik ez asteko saio bakarrarekin—. Ez hori bakarrik: Broncano, Berto, Ignatius eta abarren umoreekin lehiatzea akatsa da.

Arrazoia ere badu Arretxeak: «Ondo kopiatzearen arteak ere merezi du txaloa». Kopiatzeko beharrik ote du ETB1ek, ordea? 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ondo kopiatzen zizkiguten formatuak gainerako kateek. Duela hamar urte Edinburgora bizitzera etorri zen Segoviako lagunak esan zidan harriduraz, neguan: «Zer diozu ez duzuela euskarazko fikziorik izan hain denbora luzean? Espainia osoan asko miresten den katea da, baina, ETB!». «Zen», erantsi nuen nik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna