gorka julio
IRLEN SAREA

Bidea egiten

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
No Man's Sky bideo jokora jolasten hasi naiz. Ez dut ohiturarik bideo jokoetan jolasteko, baina zerbait desberdina nahi nuen, eta joko horrek aukera eman zidan. Etorkizuneko paradigmak irudikatu edo eszenatoki berriak pentsatzeko aukera ematen zuen zerbait lasaia nahi nuen, eta espero gabe joko horrekin egin nuen topo.

Jokoa paradigma sortzailean dago egina. Hitz horren ostean irakurtzen jarraitu baduzu, zutabea bukatuko duzulakoan nago. Paradigma generatiboak sortu gabeko mundu baten aurrean kokatzen du jokalaria, baina bera jokoan agertzen den heinean mundua sortzen joaten da. Munduan ibiltzen zarela, sortzen joaten da. Zelaiak, landareak, animaliak... Zu zaudelako sortzen dira: aurretik ez ziren bertan, zu egon arte.

Horrela, mundu osoak sortzen dira. Munduak diodanean, galaxiez eta planetez ari naiz. Miloika galaxia, sistema eta planeta daude. Elkar topatzeko estazio espazial eta anomalia galaktikoak daude. Nolabait, jendea beren artean aurkitu, trukea egin eta solasteko tokiak izateko. Bestela, kasu askotan bakarrik egongo zara munduan. Izenak aleatorioki sortzen badira ere, susmoa daukat konexioaren tokiari lotutako daturen bat erabiltzen dutela; aurrekoan «Irate» oihanean aurkitu nintzelako diot.

Musikak ere izaera berezia du. Edozein unetan sor daitekeen eszena baten aurrean, egokitzen den musika egitea ez da erraza. Musika horrek, aldiz, lortzen du begizta moduko mekanismo batekin jokoa ondo girotzea. Ziklikoak diren momentu gorakorrek noizean behin asmatuko dute zure momentu epikoren batekin, eta konturatuko zara orduan. Jaime Altozano youtuberrak ondo azaldu du hori bideo batean.

Bestela ere, jokoa edozeinentzako da. Jokoetan aritzen den jendeak aurkituko du bertan mekanika interesgarria, ziurrenik. Eraikitzea maitatzen duenak ere badu modu bat eraikitzera dedikatzeko bere jolas era. Aldiz, kontenplaziorako eta munduak esploratzen aritu nahi dutenentzat, pagotsa da.

Polemika handiarekin jaio zen bideo jokoa bere garaian, baina orain jokoak dimentsio interesgarri asko ukitzen ditu. Izan ere, distopia garaiotan, bereziki interesgarria da argiari, irudimenari, esperimentazioari bidea egiten diola. Bertan bidea egiteko aukera duzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.