Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Freelance

2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Freelance. Hala esaten diote ingeles hiztunek bere kasa ari den langileari. Baina honezkero, ontzat ematen du baita Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere. Ikus-entzunezkoetan gabiltzan profesionalen artean, lan molde ohikoa da oso. Telebistan, publizitatean, eta zer esanik ez, zineman. Handik edo hemendik datozen enkarguen arabera egiten dute lan askok; batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Eta ahal dela, proiektu pertsonalagoekin uztartuta. Berdin dio alorra zein den: gidoilari, aktore, kameralari, soinu teknikari, argiztatzaile, ekoizle...

Baditu bere alde onak: nolabaiteko autonomia, garai onenetan diru dezente egiteko aukera, jende asko ezagutzea. Baina baita, bistan denez, alde txarragoak ere. Bakartia izan daiteke, eta ezbeharrik izanez gero, babesik gabe—zentzu laboralean zein afektiboan— geratzeko arriskua dute. Ez hori bakarrik: ekoizpenaren denborek hala eskatuta, ohikoa da lanaldi luze eta baldintza gorabeheratsuekin topo egitea; eta hain da aldakorra lan eskaintzen jarioa, non oso zaila baiten bizitza profesionala bestelako zaletasun eta ardurekin uztartzen. Prekaritate horrek eragiten duen giro nahasia lur ezin emankorragoa da lehiakorkeria garatzeko.

Kontratatutako langileen egoera ez da oso bestelakoa. Telebistan zein zineman, gutxi dira ibilbide luzeko proiektuak, eta gehien-gehienek kontratu laburrak kateatzen dituzte, epe motzeko begiradaren ezinegonetik salbatuko dituen bermerik gabe. Kitzikagarria da zenbaitentzat, lan berriaren gozo etengabean eta handik hona bizitzeko aitzakia paregabea. Baina soldadu bakarti eta errariaren figura erromantikoaren atzean, dena ez da hain disdiragarri. Ikus-entzunezkoen ekosistema bertikala —gaur egun den horretan— eusten duen formula da freelancearena; neo-liberalismoaren doktrina fidelenak jarraitzen dituena: eskaria eta eskaintza. Bidean maiz elkartu direnen lagunarteko berotasunak epeltzen du soilik.

Hala dago eraikia, ia ezinbestean, gure ikus-entzunezkoen mapa. Behar bada ez dago eremu hain ezegonkorrean joera hori erabat iraultzerik. Baina kooperatiba txikiak eratuz, edo lantalde egonkorrak sortuz lan egiten dutenak —eta dugunak— egon badaude oraindik. Eskerrak, noizbehinka gogoraraztea komeni baita: kartzela zikin askoak eraiki dira askatasunaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.