Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'MasterChef'

2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
MasterChef Celebrity (La1) saioak %29,5eko xerra jan zuen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zer esan nahi du horrek? Ba, sukaldaritzak eta reality show formatuko programek kontuan hartzeko interes telebisiboa dutela. Egia esan, BBCren MasterChef: The Professionals saioaren jarraitzailea nintzen Eskozian. Orain, Euskal Herrian bueltan, telebista publikoaren sukaldaritza programa jarraitzeko modua aurkitu dut Youtuben. Izan ere, BBC ikusteko urteko lizentzia ordaindu (hori da haien telebista finantzatzeko iturri nagusietako bat) eta herrialdean bizitzen egon behar da.

Ez zait betidanik gustatu kozinatzea. Nahiago izan dut platerak garbitu. Halere, bakarrik bizitzea tokatzen zaizunean, ez dago beste aukera osasuntsuagorik norberak kozinatzea baino. Aitortzen dut hasieran Youtubeko kanalak begiratzen nituela errezeta berriak ikasteko. Ondotik, liburuetara jo nuen. Eta, azkenik, afaltzera edota bazkaltzera gonbidatzen nauten lagunengandik jaso ditut pista berriak. Sukaldaritzako telebista saioak, bestalde, baliagarriak dira horretarako ere. Zaila da, ordea, astelehenetik ostiralera Txoriene (ETB1) zuzenean ikustea (15:00). Eta begi bistakoa da prime time ordutegian jarriz gero, eta reality show formatuaz, arrakasta bermatua izan dezakeela sukaldaritza saio batek. Zer esanik ez publizitate kanpaina txukuna gehitzen bada. El Conquistador del Fin del Mundo (ETB2) tartearekin egiten duten bezala, kasurako.

MasterChef: The Professionals ikusita ohartu naiz Euskal Herrian gastronomia kultura nahiko itxia dela. Hau da, aniztasun urrikoa. Erresuma Batuko saio horretan jatorri ezberdinetako parte hartzaileak izaten dira, oro har. Herrialdeko kultura aniztasunaren isla da, hain zuzen; baina baita nazio sukaldaritza tradizio ezarena ere. Esku batekin zenbatuko nituzke, zehazki, Eskoziako platerik ezagunenak. Alde ona badu horrek: jatetxeetako eskaintza zabala. Indiarrak, txinatarrak, mexikarrak, thailandiarrak, japoniarrak... Hego Euskal Herrian, aldiz, eskaintza nabarmen murritzagoa da. Baina alde ona ere badu horrek: sukaldaritza nazionalaren babesa.

Telebista saio bat eskatzen hasita, etxeko sukaldeburu ospetsuak jarriko nituzke lehian, beste herrialdeetako platerak prestatzen, prime time ordutegian. Aukeran, euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.