Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Quisiera ser alcalde'

2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bakan, berezi, desberdin sentitzeko premia antzu hori izango da, baina korrontearen kontra egiteak sortzen du halako asebetetze arraro bat. Ridikuloa bezainbeste da adiktiboa. Horregatik erabaki nuen Bartzelonaratzea —euskaldun bat gehiago han, ze originala, ezta?— aurreratu eta Donostiako Zinemaldiaren azken egun handietatik ihes egitea. Dozenaka zinemazale fededunen erromes bidea eginez, baina alderantziz: Donostiatik Bartzelonara. Zer eta telesailen bueltan antolatutako jaialdi batera joateko.

Han topatu nituen Jon Gnarr eta bere oratoria irreberentea. Ez sinestekoa da bere historia; gutxienez, Donald Trumpena beste: umoregile eta gidoilari moduan ibilbide oparoa egin ondoren—tartean, hiru telesailetako protagonista gisa—, 2010ean Onena alderdi politiko satirikoa sortu eta Reykjavikeko (Islandia) alkate izatea lortu zuen, bozen %34rekin. Nola da posible halakorik? Bada, Gnarrek bi arrazoi ematen ditu: batetik, finantza krisi betean zen Islandia. Herritarrek alderdi politiko tradizionalak zigortzeko modutzat hartu zuten bere proposamena. Bestetik, bere herrikideei alderdia eta esperimentua bera gustatu zitzaizkiela dio; bai bere promesak —promesarik ez betetzea, doako toailak eskaintzea igerilekuetan, zoora hartz zuri bat eramatea...— eta baita galdera zailen aurrean ematen zuen erantzuna ere: «Ez dakit».

Udaletxean egiteko modu parte hartzaileagoak ezartzeko baliatu zuen agintaldia, baina jatorrian ez zen esperimentu bat besterik. Aktore edo gidoilari batek izan dezakeen motibazio oinarrizkoenetik sortu zen, gainera: «Telebistan agertu nahi nuen. Nire ideia onenak baztertzen zituzten etengabe, eta aldiz, han ikusten nituen, prime-time-an egunero, ideia on bakar bat ere ez duten dozenaka politikari». 2014an amaitu zen bere agintaldia, baina Reykjiavikeko alkatearen paperean jarraitzen du orain, aurkeztu berri duen Alkatea telesaileko protagonista gisa.

Amestu dut, une batez, Barcina edo Ibarretxe aktore dituen telesail batekin. Baina bitartean: ez da askorik falta udal hauteskundeetarako. Akaso Jon Gnarren adibideak inspiratuko du langabeziara kondenatutako euskal aktore edo umoregileren bat, eta alderdi berri batek harrituko gaitu laster. Aspaldi da albistegia dela euskarazko fikzioarentzat gordetako espazio ia bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.