Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Apuren arazoa

2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Etxe guztietan badira tradizio gutxi-asko zalantzaezinak; elkarbizitza inertzia atsegin bihurtzen duten idatzi gabeko arauak. Zapatak sarreran eranztea, igandero pizza afaltzea, batak jana prestatu eta besteak harrikoa egitea... Zernahi. Gurasoenean, denetan aipagarrienak telebistarekin du lotura: bazkalostean The Simpsons ikusten da. Nahi duenak siestarako, nahi duenak kapitulu berbera zazpigarrenez arretaz jarraitzeko, baina The Simspons, beti.

Ez naiz ni izango bere dohainak ezagutaraziko dituen lehena: estereotipoetatik abiatuta AEBetako gizartearen alde makurrena erakusten du, absurdotik gertu, gordinki eta hala ere, samurtasunez. Bada, urte luzez bazkalostero ikusita ere —edo hain justu horregatik— ez diot askorik erreparatu ikusleon iruditegian estereotipo horiek duten pisuari. Ez The problem with Apu dokumental laburra ikusi dudan arte.

Hari Kondabolu jatorri indiarreko umoregile estatubatuarra da protagonista, eta Apu pertsonaiaren itzalpean egin duen bidea kontatzen du: zenbat aldiz errepikatzen dioten Badulakeko saltzailearen «Thank you, come again» esaldi bereizgarri hori, ahoskera baldartu horrek nola sentiarazten duen, edo nola eragin dion AEBetara iritsi berri zen bere gurasoen belaunaldiari. Ez da harritzekoa: urte luzez Apu izan da mendebaldeko telebistetan ikus zitekeen indiar bakarra —9. denboraldian agertu zen lehen aldiz Manjula emaztea—.

Eragina izan du dokumentalak, bai behintzat pertsonaiaren izaera estereotipatuari The Simspons-en kapitulu bat eskaintzeko beste. Baina eztabaidak soka luzea du. Zenbaitek ustezko zuzentasunetik atera eta adierazpen askatasunaren bandera bereganatu nahi duen honetan, komeni da argitzea: Apuren arazoa ez da estereotipatua dela; halakoak dira The Simpsons-eko protagonista denak. Arazoa da —beste pertsonaiekin gertatzen ez den bezala— bera izan dela urte luzez gutxiengo azpiratu baten errepresentazio bakarra; apenas dagoela, fikzioan zein hedabideetan, indiar jatorrizko biztanleen ikuspegia(k) ordezkatuko d(it)uen inor; gizon zuri batek bikoiztutako etorkin baten hizkuntza zailtasunak direla pertsonaiaren ezaugarri nagusia. Funtsean, Apuren arazoa da barre eginarazteko lehengaia ez dela indiar jatorriko pertsonaia baten jarduna, bere indiartasuna baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.