Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Galduta (eta II)

2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ba ez nuen espero 2010ean amaitu zen telesail baten fan zoroak idatzitako zutabe nostalgikoak izan duen harrera izan zezakeenik, beraz, gaurkoan ere, Lost antologikoaren inguruko antologia honekin jarraituko dut Ekografiak tarte honetan.

Nahi edo ez, istorioak kontatzeko moduan iraultza bat suposatu zuen eta termino horietan mugitzen den obra bat ezin daiteke «guztiak hilda zeuden» esanez amaitu. Ez zaitezte blasfemariak izan eta ez alderatu J.J Abrams eta Damon Lindelofen lan gorena, Los Serrano edo Doraemon-ekin, mesedez!

TVE1en hasi nintzen Perdidos ikusten, eta igande arratsaldero Arrasateko ikasle pisura iristean ikusten nuen azken atala. Gerora, ordu eta egunez etengabe aldatzen hasi ziren inork ulertzen ez duen espezie horretako kide diren telebista programatzaileak, eta Internetera jo behar izan nuen asteko dosiaren bila (errua pirateriarena omen zen gero). Bigarren denboraldirako, jendea biltzeko Jakobek baino gaitasun handiagoa erakutsi zuen telesailak, eta pisukide guztiak abstinentzia sindromeak jota izaten ginen azken atalaren zain. Gutako batek Fox katea harrapatzen zuen gurasoen etxean, eta bere amak, igandean pisura ekarri eta guztiok elkarrekin ikusi ahal izateko grabatzen zigun (jakin gazteenok, Netflixaurreko garaiak zirela). Igande batean, pendrive-a etxean utzi zuen, eta astelehen goizean klasera gehiegi joaten ez zen bat Beasainera bidali genuen gameluaren amaren dendatik pasa eta pendrive-a hartu ahal izateko! Zin dagit (amaren semea ere ez zen gehiegi joaten klasera, baina ez zen plana astelehen buruzuri batean bere amaren dendan agertzea Lost-eko azken atala hartzeko aitzakiarekin...).

Hirugarren denboraldiaren ostean, kate espainiarrak atzean geratzen hasi ziren, eta berriz Internetera jo behar izan genuen. Atalak ingelesez ikusten hasi ginen orduan, eta lehen aldiz gure bizitzan, jatorrizko bertsioa askoz hobea dela konturatu ginen! (John Locke, Hurley edo Sawyerren gaztelaniazko ahotsak erdi mailako sabeliztun baten lana besterik ez ziren jada guretzat...). Jeijeik ABC katearekin izandako istiluak gure lagun onenarenak izan balira moduan bizi izan genituen. Berak lau denboraldi bakarrik egin nahi zituen, istorioa lotua zuelako hasieratik; baina, azkenean, sei egitera derrigortu zuten (hortik telesailaren akatsik larrienak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.