Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Biktimak

2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Badira lagun batzuk zer behar duzun usaintzeko gaitasun berezia dutenak. Ajeak jotako goiz batean laranja zukua prestatzen dizun pisukidea; agobiatzen ari zarela antzeman eta zuk ezer esan gabe ere kanpora ateratzeko gonbita egiten dizun kuadrillako laguna; edo sututa zaudenean isilik itxaroten badakiena. Beste batzuek figurante lana egiten dute, ez on, ez kalte. Baina bada hirugarren lagun tipologia bat, asmo txarrik gabea bezain arriskutsua: falta duzunetik kendu eta soberan duzunetik ematen dizuna. Ziplo erortzeko tanta erdia falta zaizunean txupitoa parean jartzen dizuna. Dirudienez, ETBko erabakigune batzuetan hirugarren multzoko batzuk badaude.

Zaila da ulertzea bestela telesailen alorrean hartutako norabidea. Bi urte dira dagoeneko telebista publikoan helduentzako euskarazko fikziorik gabe. Noiz, eta zinemarako ekoizpenek izandako arrakastak talentua eta ideiak badaudela frogatu digunean; noiz, eta telesailak aparraldi betean daudenean, han eta hemen. Ironikoa ez ezik, barregarria litzateke, dituen ondorioak ez balitu. BERRIAn bertan, igandeko Ahomentan-en irakurri ditugu batzuk. Gazteagotan euskaraz ikusitako telesailengatik ez balitz akaso ez litzatekeela aktore izango dio Eneko Sagardoik. Olatz Beobidek, aldiz, hutsune horrek 300 bat pertsona utzi dituela lanik gabe.

Bien bitartean, ETBk La víctima nº 8 aurkeztu du, Telemadridekin eta Mediaprorekin batera ekoitzitako telesaila; zuzendaria, gidoilariak eta aktoreen zein lantaldearen zati handi bat Euskal Herritik kanpokoak dituena. Bilbon egindako eraso jihadista bat izango du ardatz, eta —ah! ia ahaztu zait— gaztelania batuan emango dute. Erdaraz ikusteko akziozko zientoka telesail esku-eskura ez bagenitu bezala. Vodka txupitoa ura behar duenari.

«Badatoz proiektu berriak», dio, misterio puntu batekin, Sagardoik Ahomentan-en. Eta hala omen da, bai. Oraindik gehiago jakiterik ez badago ere, 2019an hasiko dira, behingoz, euskarazko telesail berri bat ekoizten. Bitartean, La víctima nº8 ikusi beharko dugu, eta, tarteka, hutsune luzeegi honek utzitako biktima horiek guztiak gogoratu. Edo umorez hartu. Hala esan dit haserrea baretzeko zer behar nuen ederki usaindu duen lagun batek: «Gutxienez, Goenkale baino errealistagoa izango da. Ertzainek gaztelaniaz egingo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.