Albistea entzun

EKOGRAFIAK

Denbora kontua

Lander Arretxea -

2018ko irailak 27

Entrega epearen presiopean soilik lan egin dezakeen honen ahotan indar gutxiko aldarria izan daiteke, baina hala da: emaitza ona lortzeko, talentuak bezainbeste eragiten dute baliabideek. Gehiegitan, baliabideetan garrantzitsuena bat eta bakarra da gainera: denbora. Eta dirua, ados; baina dirua izatearen onena horixe delako; ez diozula denbora eskaini beharrik gehiago lortzeari.

Telebistan sarri ikusi ditugun aktoreak zinema lanetan topatzean gertatzen zaiguna gogoratzea aski da aldarrikapena ilustratzeko. Nor ez da harritu Joseba Usabiaga —orain gutxi arte, denontzat Tximista— Handia-ko anaia zaharraren paperean horren sendo ikusita? Edo Itziar Ituño eta Nagore Aranburu Loreak-en? Berdin gertatzen da gidoilari eta abarren lanarekin: emaitza onik ez denborarik gabe.

Are da nabariagoa telebistan ateratzera ohitu gabeko pertsonak aktore lanetan jartzen direnean, denbora faltari talentu falta ere gehitzen baitzaio. Telebistan nahiz dokumentagiltzan, zabaldua bezain arriskutsua den joera da gainera: nabarmen artifizialak diren egoerak inprobisatu gisa aurkeztea. Honezkero ohitu gara kasualitatez kalean aurkezlearekin topo egiten duten gonbidatuetara; baina gidoiaren gainean garatzen den dialogoa luzea eta behartu samarra bada, zaila da ikusleak tontotzat hartu dutela ez sentitzea. Zer esanik ez telebista saio baterako bada eta behar adina errepikapen egiteko denborarik apenas badago.

Txanponaren beste aldean —edo poltsikoko ordulariarenean— badira denbora eta diru asko izan bai baina desastrea irudikatzera bideratzen dutenak. Gero eta arrakastatsuagoa den #0 etxeko La Resistencia late-late show-a da adibide onentsuena. Galdera koherenterik gabeko elkarrizketa surrealistak, publikoaren interakzio surrealista irekiak eta saioko kideen arteko eztabaidak uztartzen ditu saioak. Bada, zuzeneko kaos neurtu horren atzean bost gidoilariren eta koordinatzaile baten lana dago.

Luze hitz egin daiteke gaizki —ondo ere bai —David Broncano aurkezleaz, saioaz eta bere ibilbideko irristaldiez, Baina badu meritua desastre neurtuaren anbiguotasun horretatik ikuslea engainatu ez ezik, estilo propio eta bereizgarri bat sortzeak. Beste batzuei, kontrara, berehala antzematen zaigu noiz gauden ideia eta denborarik gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.