Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gure(?) kasa II

2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bada denbora luzetxo bat ETB1eko programari pista jarraitzen diodala. Urrian egun batzuk egin nituen Euskal Herrian, eta gure amak Telleria anaien saioa pizten zuen maiz: euskara ikasten ari da, eta irakasleak esan die telebista begiratzeko (Koldo, eskerrik asko!). Ondoren, nahieran jarraitu dut Eskoziatik; interesa piztu didaten gonbidatuen arabera, betiere. Martxoan idatzi nuen Gure kasa-z zutabe bat, eta ordutik hobekuntza nabariak egin ditu.

Pertsonaiek —aktore lana ere egiten dutelako— bilakaera polita izan dute. Julenek eta Anttonek aurkezle bikote xelebrea osatzen dute. Biak moldatu dira oso ongi kameraren aurrean hasieratik, begiradekin eta gorputzarekin horiek jarraituta, errealizazio gelan daudenen lan erritmo bizia erraztuz ziurrenera; baina bereziki nabaritzen zaio Anttoni gero eta erosoago funtzio horretan. Anaiaren aldean —konparazioa egitea saihetsezina da—, estilo propioa sortzeko gai izan da. Ez naiz zutaz ahaztu, Zuriñe! Zuk ere izan duzu bilakaera. Mahai inguruko jarrera, parte hartzea eta irudi fisikoa eztitu dituzu.

Irudiaz ari naizela, mutilen eta nesken arteko aldeaz honakoa galdetuko nuke: pertsonaiek erabakitzen al dute zer jantzi eta nola margotu behar duten? Ez dakit, baina Anttonen, Julenen eta Iban Garciaren irudia nahiko informala da, Nerea Aliasen edota Ainhoa Gagoren aldean. Alegia, neskena askoz ere landuagoa da orrazkeran, jantzietan, makillajean… Bost minutuan gertu egoteko modukoa!

Gaiek, bestalde, hasierako saioetan baino gaurkotasun handiagoa dute orain. Hain zuzen, hedabideetan dauden gaiak pantaila handira ekartzen dituzte. Adibidez, Donostiako zinemaldia egin zen bitartean, Oreina (2018) filmeko kideak gonbidatu zituzten. Platoan, berriz, zinemari lotutako lehiaketa bat jarri zieten eta erabilitako erreferentziak tokikoak izan ziren (euskarazko filmak). Nola bestela? Bati baino gehiagori iruditu dakioke tontakeria bat, baina aski da ETB2ko Atrapame si puedes jartzea nabarmendu nahi dudanaz jabetzeko. Hau da, ez da gauza bera galdetzea nor den Monika Naranjo ala Anari; edo Elvira Lindo ala Jasone Osoro. Izatez, telebista tresna paregabea da euskarazko kultura ezagutzen ez dutenak gurera erakartzeko. Gustura ikusi genuen ere Fernando Velazquezeuskaraz hitz egiten; ezta, ama?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.