Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Transmedia

2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Badira zeregin batzuk hasiera batean diruditena baino puskaz zailagoak direnak. Zoritxarrez, gainera, ez da hala den edo ez jakiterik izaten, behin eskuak lokatzetan dituzun arte. Slackline delakoaren gisako kirol modakoak, amonaren arroz-esnearekin, ditxosozko test psikoteknikoa... Luzea da uste baino konplikatuagoak diren eginkizunen zerrenda, baina beste denak gutxietsi gabe, bada ohorezko postuan agertzea merezi lukeenbat: websail bat egitea. Erronka ez da makala: telebistarako fikzio bat egiten denean bezainbeste lan egin behar da ia —ideia garatu, gidoiak idatzi, aktoreak bildu, lantalde teknikoa osatu...—, baina normalean, askoz baliabide gutxiagorekin eta ia denborarik gabe. Zaila da, ia ezinezkoa, formula hori aplikatuta, emaitza bikaina lortzea.

ETBren babespean garatu den Gutuberrak websaila ekoitzi dutenek ondo ezagutzen dute prozesu hori. Nomofobikak-ekin euren ideiak eta asmoak erakutsi zituzten lehenengo; eta geroztik itzalpeko lan handia egiteari esker, hainbat babesle eta ETBren laguntza duen ekoizpenarekin ari dira orain. Lehen bi atalak osorik daude sarean dagoeneko: umore garratzez, etxegabetze bati aurre egin behar dion familia berezi baten gorabeherak ari dira kontatzen. Konparazio baterako, badu Shameless-en euskal bertsio xumeago baten traza.

Istorioa kontatzeko, transmedia izaera duen websaila egitea erabaki dute; pertsonaiak sare sozialetara eramanez eta plataforma desberdinak erabiliz, errealitatea eta fikzioa nahastea. Paperean ondo ematen duen hitza da «transmedia», berritzailea. Tartean diru publikoa jarriko duen inor konbentzitu behar bada, eraginkorra haren belarriak goxatzeko. Ondo jositako istorio landua osatzeko erabiltzen bada, hartzailearen esperientzia aberasteko modu aproposa ere izan daiteke.

Justuko baliabideak eta denbora gutxi duzunean, aldiz, erabaki arriskutsua da. Ez luke hala behar, baina denerako denbora eta indarrik ez dagoenean, aukeratu behar izaten da esfortzua zertan jarri. Gutuberrak-en kasuan, emaitzak asko egingo zukeen hobera transmedia kontzeptua alboratu eta ahalegin hori gidoiak eta aktore zuzendaritza fintzera bideratuz gero. Bestela ere dirudiena baino zailagoa baita halako baldintzetan istorio interesgarri bat eraiki eta ondo kontatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.