Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ez ote da izango...

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Badira gai batzuk sekula amaitzen ez diren eztabaida gurpil-zoroak abiarazten dituztenak. Iraingarria edo zalantzagarria den eduki bat —esplizituki xenofoboa, matxista...— asko zabaltzen denean pizten dena da haietako bat, deserosoa ere badena: jendeari gustatzen zaizkiolako egiten dira halakoak? Edo sortu eta sustatu egiten dira, eta horrek sortzen du gero halakoetarako gogoa?

Ez dago borobil eta zuzen erantzuterik; edo bestela esanda, biek merezi dute baiezkoa. Baina galdera horrek badakar berarekin beste bat, telebista publiko bat kudeatzen duenak derrigor bere buruari egin beharrekoa: zein da gure egitekoa, gehiengoak kontsumitzen duen hori sortzea? Edo kontsumo horretan eragiten saiatu eta bide berriak zabaltzea? Funtsean, bi aukeren arteko oreka ia ezinezkoaren bila aritzea da ETBren eginkizuna. Dirudiena baino zailagoa da: bestelako euskal telebista indartsurik ez dagoen neurrian, bi hutsuneak bete behar ditu: telebista publikoarena, eta baita pribatuarena ere. Horrek azaltzen du zergatik ekoitzi diren ETBn azken urteetan Espainiako kate pribatuetan nagusi diren horien gisako saioak: azalekoak, sentsazionalistak eta lehia oinarri dutenak... Beste askori bezala niri auzolotsa eragiten badidate ere, arrakasta izan dute askok, eta horren aitzakian, ETBk bide hori ustiatzen eta sustatzen jarraitzen du. Nago ez dela biderik onena, baina euskararen normalizazioaren izenean egiten denean, badu gutxienez bere azalpena. Ba al du, ordea, zentzurik gaztelaniaz ere bide hori jorratzeak? Zertarako? Ikusle zenbakietatik harago, zein da El Conquistador del Pacifico gisako saioen helburua? Gaztelaniaz bada, eta ez badu hedabide publiko baten oinarrizko funtziorik ordezkatzen, zergatik egin horrenbeste diru eskatzen duen saioa?

Erantzuna audiometroan bilatu ohi da: hori omen da ikus-entzuleek nahi dutena. Hainbat hiriburutan gaztelania hutsean afixa erraldoiak jartzeko hartutako lanak salatzen ditu, ordea. El Conquistador del Pacifico bada jendeak nahi eta ikusten duena, zergatik ez gorde sustapenerako dirua zabaltzeko zailtasuna duten saioetarako? Ez ote da izango apustua dirudien baino arriskatuagoa dela? Ez ote da izango ikusle datu altuak behar dituztela gaztelaniazko saio sentsazionalista bat egiten jartzen den diru publiko guztia zuritzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.