Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Galtzen ari gara

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Entzungo zenion inoiz albokoari. Akaso baita zuk zeuk ahoskatu ere: «Fikzioan erabiltzen den euskara artifiziala da. Zer esanik ez batua bada. Zer esanik ez film bikoiztua denean». Bote lasterreko iritzi zabaldu samarra da: «Inork ez du horrela hitz egiten». Neronek ere badut kontraesanik afera korapilatsu horrekin; egia da dialogo asko behartuak iruditzen zaizkidala; egia den bezala estimatzen ditudala fikzioan kalean —nork berean, noski— entzun daitezkeenetatik gertuago dauden hizkeretara hurbiltzeko ahaleginak: dela erdarei ere tokia eginda, dela pertsonaiaren ezaugarriari euskalki bat gehituz. Baina galdera parea nahikoa dira zalantza ereiteko. Zergatik ez da artifiziala ikus-entzunezkoetan frantsesa edo gaztelania estandarra? Zergatik entzun dezakegu Morgan Freeman, Meryl Streep, astronauta bat edo AEBetako polizia bat erdaraz naturaltasun osoz, haiek sekula hizkuntza horietan egingo ez balute ere?

Funtsean, motibo nagusia bat da: ohitura falta. Edo hobeto esanda, zinema, telesailak eta telebista, oro har, erdaraz ikusteko ohitura. Alegia, arrotza egiten zaiguna ez dela (soilik) Harry Potterrek erabiltzen duen euskara mota; ezpada Harry Potterrek —jakina denez, beti egin duen moduan— ez gaztelaniaz hitz egitea.

Telebista da —sareko edukiak barne ahozko hizkuntza estandar bat normalizatzeko tresna eraginkorrena. Eta telebistan, (besteak beste) fikzioa. Horregatik da alferrikakoa azpidatziak vs bikoizketa eztabaida. Euskarazko fikzio ekoizpenak hain (lotsagarriki) urria izaten jarraitzen duen artean behintzat, biak direlako beharrezko. Edozein hizkuntzatako edukiak erdaren zubi lanik gabe gozatu ahal izateko bata. Ahozko euskara erdarak bezain naturala sentitzeko bestea. Lehendik ere susmatzekoa zena begi-bistako bihurtu du Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideek grebari ekin izanak. ETBren fikziozko eduki propioen ekoizpena bezainbeste jaitsi da bikoiztutako edukien kopurua: garai batean, urtean mila ordu baino gehiago bikoizten ziren. Ehun ordu izango dira aurten. Hain da haien egoera kaskarra non jada ez omen duten galtzeko ezer. Baina, ia oharkabean, euskarari buruz gehiago hitz egin beharko ez dugun eguna irrikaz espero dugunok egunero ari gara galtzen. Baita honekin guztiarekin harritu eta sumintzeko gaitasuna galdu badugu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.