EKOGRAFIAK

Amorru deserosoa

Lander Arretxea.
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Badira esperientzia batzuk desatseginak izanagatik gomendagarriak direnak. Kasu bakan batzuetan, baita sutsuki gomendatzekoak ere. Halakoxea da astearte gauez TV3eko Sense ficció atalean eskaini zuten La cifra negra dokumentala: desatsegina, deserosoa, amorragarria eta (horregatik beragatik) ikusi beharrekoa.

Ales Paya valentziarraren lehen filmak Espainiar estatuko indar polizialen klase guztietako indarkeria jasan dutenen testigantzak biltzen ditu; halako xehetasunez, non dokumentalak aurrera egin ahala barrenak gero eta gehiago sutu dizkidan. Martxelo Otamendiren testigantza entzuteak Egunkaria-ren itxieratik bertatik pilatu eta joan ez zaidan amorrua piztu didalako; «archivado» edo «indultado» hitzak errepikatzen direlako etengabe; lokaltzat nituen «gaitz» batzuk Euskal Herritik kanpo ere zabalduak direla egiaztatu dudalako; hizlarien aurpegietan haien inpotentzia eta frustrazioa antzematen direlako; kontatzen diren erasoetako batzuk gordintasun osoz berreraiki dituztelako; tortura eta indarkeria poliziala guda-tresnak —eta eraginkorrak— direla gogorarazi didalako. Horregatik guztiagatik da amorragarria. Baina ez horregatik bakarrik. Kanpora daitekeen amorru horren ondo-ondoan, izendatzen zailagoa den beste sentipen bat ere hazi baitzait pixkanaka, ia bestea irensteraino: ikusten ari naizen hori guztia aurretik ere banekiela gogorarazi didana —berdin susmatzen nituen bezala azken hilabeteetan ikusi ditudan dokumental edo erreportaje sozial gehientsuenek kontatzen zituztenak—. Sentipen deseroso bat, aurpegiratzeekin ausartzen dena: amorru hori piztu zaidanero azkar samar baretu eta bezatu dudala —zaidala? didatela?— , sumina eta indiferentzia komeni zaizkidanean trukatzen ditudan mozorroak direla...

Hurrengo eguna halaxe pasatu dut, bi sentipenen artean galduta. Erruduntasun kristautik ihesi, baina deseroso: indiferenteegi amorrua adierazteko, amorratuegi indeferente agertzeko. Litekeena da: Payak errealitate estali bat erakutsi nahi zuen, isilduei ahotsa eman, Espainiako Gobernuak ezkutatzen duen gaia mahai gainean jarri. Hori guztia ere lortuko du, ikuslea nor den. Baina kontatzen duena badakienarentzat ere bada ikusi beharrekoa. Amorru deserosoa ez du birtxio batek baretzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.